Lehendakariaren Agurra

Lehendakariaren komunikatua koronabirusak parlamentuaren jardueran izan duen eraginari buruz.

Covid-19ak sorturiko osasun krisiak Nafarroako gizarte osoan eta, horrenbestez, Nafarroako Parlamentuan izan du eragina. Horrekin lotuta, Nafarroan izandako lehen kutsatze-kasuak ezagutu zirenean, hartu zen lehenengo erabakia izan zen kontingentzia plan bat onestea, legebiltzarraren egoitzan lan egiten dute pertsonen osasuna ziurtatzeko xedez. Hala, hasiera batean bisitak, erakusketak eta batzordeak bertan behera utzi ziren, eta ondoren eraikina itxi zen.

Hala ere, egun bizi dugun konfinamendu-egoera honetan, Parlamentuak, Nafarroako gizartea ordezkatzen duen organoa den aldetik, legegintza-eginkizuna eta Foru Gobernuaren jardunaren kontrol-eginkizuna bere gain hartzen jarraitzen du, beharrezkoak baitira birus horren aurkako borrokan.

Martxoaren 13az geroztik, Nafarroako Gobernuak pandemiari erantzuteko zenbait erabaki hartu ditu, eta erabaki horiek Parlamentuaren egoitzan ebatzi eta eztabaidatu dira eta horretan dihardugu. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak Osoko Bilkura batean eztabaidatu eta baliozkotu ditu pandemiari aurre egiteko neurri sanitario, ekonomiko, sozial eta fiskalak jasotzen dituzten bi foru lege-dekretuak.

Mahaia eta Eledunen Batzarra bilera ugari egiten ari dira, bideokonferentzia bidez, eta horietan talde parlamentario bakoitzak funtzionamenduari buruzko bere proposamenak aldeztu ditu; betiere, nabarmentzekoa da orain arte erabakiak aho batez hartu direla. Horrekin lotuta, lerro hauek balitu nahi ditut, Parlamentuko lehendakaria naizen aldetik, eskerrak emateko legebiltzarrean ordezkaritza duten indar politiko guztien eledunei hori ahalbidetzeko erakusten ari diren lankidetzagatik, egoeraren zailtasunaz ohartzen baitira.

Parlamentuko lehendakaria naizen aldetik, pozgarria da akordioak lortzea eta ikustea Parlamentuko indar politiko guztiak lankidetzan aritzeko prest daudela.

Talde guztiok nahi dugu erakundeek erantzunik onena ematea osasun krisialdiari, bai eta modurik onena bilatzea ere Gobernuaren jardunaren jarraipen- eta kontrol-lana egiteko; izan ere, ia erabat dihardu Covid-19aren eta birus horrek gure gizartearentzat dituen eta izanen dituen ondorioen aurka.

Bere aldetik, Parlamentuak Erregistroa irekita du talde parlamentario guztien eskura, eta beti bezala, herritarrek ere beren eskubideak egikaritu ahal ditzaten. Parlamentuaren egoitza den eraikina itxita dago, baina Parlamentuko langileek era telematikoan lanean jarraitzen dute, bai eta parlamentariek ere.

Parlamentariak harremanetan daude Nafarroako Gobernuko kontseilariekin bideokonferentzia bidez. Gainera, aste honetatik aurrera eta krisiak irauten duen bitartean, Foru Araubideko Batzordearen bilkurak eginen ditugu Gobernuak birusaren aurkako borrokan garatzen ari den jardunaren jarraipena egiteko, beti ere osasun arloko agintariek ezarritako osasuneko distantzia-neurriei errespetatuta; hori dela eta, bilkura horiek Osoko Bilkuren aretoan eginen dira.

Pandemiari aurre egiteko neurriak baliozkotzeko, Osoko Bilkurak egiten ari dira bakarrik taldeek izendaturiko eledunekin, Parlamentuko Mahaiko kideekin eta Nafarroako Gobernuko ordezkaritza txiki batekin bakarrik. Parlamentari guztiek eledunei eskuordetzan eman diete beren botoa.

Osoko Bilkura horiek bereziak dira, jende gutxiagorekin eta Parlamentuko jardueraren berri eman ohi duten hedabideetako langilerik gabe kabinetan. Kazetariek bilkurak Parlamentuko webgunearen bidez jarrai ditzakete eta galderak egin ahal dizkiete talde parlamentarioei Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkura batzuen ostean izan ohi diren prentsaurrekoetan, Parlamentuko Komunikazio Zerbitzuaren eta Lehendakaritzako Kabinetearen bidez.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet Parlamentuko langileei zerbitzuak mantentze aldera telelanaren bidez egiten ari diren ahaleginarengatik, eta bat egiten dut herritar guztien desioarekin, lehenbailehen eta ahalik eta hobekien normaltasunera itzul gaitezen.

Unai Hualde Iglesias.