Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urriak 15

Tren-inbertsioetara bideratuta dauden baliabideak lurralde kohesioari eta gizarteari begira bidera daitezen eskatzen zuen mozioa baztertu da

EH Bilduk egungo sarean oinarritutako salgaien eta herritarren garraioaren ahalmen integratzailea eta abiadura handiko trenaren eredu “garestia” kontrajarri ditu

Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, Navarra Suma eta PSNren aurkako botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak “trenaren egungo trazadurak lurralde kohesioari eta gizarteari begira duen eginkizuna lehenesteko konpromisoa adierazten baitu. Horrenbestez, Nafarroako Parlamentuak erakunde publikoak premiatzen ditu esparru horretara soilik bidera ditzaten Nafarroan tren-inbertsioetara bideratuta dauden baliabideak”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak “zenbait erakundek abiadura handiko tren-eredu garestiaren alde” egindako apustua zalantzan jartzen zuen, “urrutirako joan-etorriak lehenesten” baititu eta “Nafarroako eremu ezberdinen arteko kohesio eta garapen integraturako lana desagertzea” baitakar.

 

Testuinguru horretan, egungo trazadura hobetzeak eta optimizatzeak salgaien garraiorako duen ahalmena nabarmendu ostean, “tren-geltoki ugaritako zerbitzuak hobetzeko inbertsioak” eskatzen zituzten, izan ere, “geltoki horietan gelditzen den tren-kopurua murriztu” dela salatzen baita, eta aipatzen da, “Lurralde Kohesiorako kontseilariak berak onartu zuen moduan, herritarrek ia ez dituzte horiek erabiltzen aldirietara egindako joan-etorrietarako”.