Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Irailak 10

Nafarroako Gobernuak kontsumorik ia gabeko eraikinen aldeko “apustu argia” egiten duela nabarmendu du

PSNren interpelazio bati erantzutean, zeinak “etorkizuneko ariketa” definitu baitu gisa Foru Gobernuaren politika, “baliabideak xahutzearekin zerikusirik ez duena”

Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilari José María Aierdik adierazi du Foru Gobernuak “apustu argia” egiten duela kontsumorik ia gabeko eraikinen alde, “ez edukitzailean pentsatuta, ezpada bertan bizi diren pentsonengan”. Kontroleko Osoko Bilkuran PSNk aurkeztutako interpelazio bati erantzutean adierazi du Nafarroa Suspertu Planaren gakoetako bat dela hori.

 

José María Aierdiren hitzetan, “ezin genuen azken hamarkada hauetan eraiki den bezala eraikitzen jarraitu, batik bat adreiluaren higiezinen boometik hona, betekizunak eta erronkak aldatu egin direlako”.

 

Aierdik adierazi du Administrazioak erantzun berriak eskaini behar  dizkiela “etxebizitzaren arloko eskari berriei, klima-aldaketari aurre egiteko trantsizio energetikoa eta garapen jasangarriko helburuak aitzinatzeko beharrari edo kalitatezko etxebizitza eskuragarri bat izateko eskubideari”.

 

Halatan, kontseilariak esan du Nafarroako Gobernuak apustu argia egin duela “eraikuntza jasangarri, efiziente eta sozial baten alde; hau da, eraikitzeko beste modu baten alde espazioen eta lurzoruaren erabilerari, materialen erabilerari, energia-kontsumoa murrizteari edo eraikinak altxatzeari dagokienez”.

 

Aierdik adierazi du “kontsumorik ia gabeko eraikinen ezarpena Gobernuak eraikuntza jasangarriaren arloan egiten duen apustua” dela eta, halatan, Nafarroa erreferentzia izan dela “Estatuan gisa horretako ezarpenaren arloan. Nafarroa izan zen lehendabiziko erkidegoa zeinetan ziurtagiria eman baitzitzaion Passivhaus etxebizitzen sustapen pribatu bati, Entremutilvas izenekoan”.

 

Gainera, kontseilariak nabarmendu du “pandemiak espazio publikoak, hiri-espazioak eta etxebizitzak, bai eta lurraldea ulertzeko era ere birpentsatzeko eta gogoeta modu inklusiboagoz egiteko beharra bizkortu duela. Hori dela eta, datorren astean jardunaldi batzuk eginen dira Tafallan eta Artaxoan, “eragile desberdinen parte-hartzearekin, etorkizunak ekarriko dizkigun erronkei aurre egiteko”.

 

Bestalde, Aierdik nabarmendu du ezen “Nafarroak zaharberritze energetikoan jarri duela azpimarra”, eta azaldu du “kontuan hartu behar dela gure etxebizitza-parkearen zati handi batek 50 urte baino geiago dituela, eta ez diela erantzuten egungo beharrei”.

 

Zaharberritzearen aldeko apustuaren agergarri, azaldu du 2014ko urtarriletik abuztura 525 etxebizitzetarako zaharberritze-espedienteak izapidetu zirela, 8,2 milioiko inbertsioarekin eta 2,8 milioi euroko dirulaguntzarekin; aurten, berriz, pandemia gorabehera, urtarriletik abuztura 3.900 etxebizitza inguru zaharberritzeko espedienteak aurkeztu dira, 52 milioiko inbertsioarekin eta 18 milioiko dirulaguntzekin.

 

PSN talde parlamentarioko Arantza Biurrun Urpeguik planteatu du Nafarroak lan egin behar duela “nazioan eta Europan erreferente bat izateko”, eta baieztatu du apustu horrek “alde bat dakarrela baliabideak ez xahutzeko eta etorkizunean haien erabilpen arduratsua egiteko. Gatazka horretan gaude sozialistok”.

 

Biurruren esanetan, “abiapuntua da eraikinei buruzko legedi energetikoa zorrotz  betetzea eta etorkizunean eraikuntza-produktuei buruzko erregelamendua berrikustea, eta, bestalde, eraikin berri eta berrituen diseinu-fase guztiak betetzea, halako moduz non ekonomia zirkularraren beharrizanei egokituko baitzaie, digitalizazioa bultzatuko baita eta higiezinen parkea klima-aldaketari egokituko zaion”.

 

 

Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma) hasi da aipatuz “jasangarritasunaren trena duela zenbait urte jarri zela martxan; izan ere, Nafarroak bide hori jorratu zuen energia berriztagarrien aldeko apustua egin zuenean eta Agenda 2021ekin bat egin zuenean. Orain, tren horretatik ez jaistea da kontua”.

 

 

Eledun erregionalistak “eraikuntzaren efizientzia eta jasangarritasuna” bereizi ditu. Denok dugu 2050erako deskarbonizazio-konpromisoa, baina helburua ez da soilik baliabide fosil gutxi kontsumitzea eta isurketak murriztea. Materialak ere aldatu behar dira, adibidez egurra adreiluaren ordez, zeren eta gure lurraldearen % 65 egurra baita. Bide horretan aurrera egin daiteke, eta funtsezkoa da esparru horretan sektore pribatuarekiko lankidetza. Autokritika gehiago behar da”.

 

Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azconak  gogorarazi duenez, “2015etik aldaketa bat dago eraikuntzaren paradigman. Eraikuntza jasangarri efizienterantz egin dugu sustapen publikoetan, etxebizitzaren balioa erabilera gisa sustatzea barne, espekulazio-produktu gisa beharrean. Norabide politiko ausartaren emaitza da, ezin baitzen azken hamarkadetako ereduen arabera eraikitzen jarraitu. Trantsizio energetikoa behar zen, eta arreta handiagoa eman behar zitzaien gizarte-eskaerei. Erantzun berriak behar ziren, eta erantzun horiek Europako erakundeekin jada hartutako konpromisoak dira. Nafarroa aitzindaria izan da eta bere politika erreferentziatzat hartu da. Eraikuntza publikoaren irizpideak argi ditugu, sektore pribatuarekiko lankidetzari uko egin gabe”.

 

EH Bildu talde parlamentarioko Maiorga Ramírezek “memoria ariketa” bat egin du “eraikuntzaren krisia murrizketa sozialen sorburuan” egon zela nabarmentzeko. Hirigintza-espekulazioko proiektu haiek okerretatik ikastera eraman behar gaituzte, proiektu publikoak higiezinen espekulazioaren bidez finantzatzeak Nafarroako krisia areagotzea ekarri baitzuen. Guk zaharberritzearen alde egiten dugu, eta hor egon behar du Administrazioak. Gauza gehiago egin dira norabide horretan, bai, baina ez dira nahikoak izan. Eraikuntzaren jasangarritasunaz hitz egin behar dugu, lurraldeko jasangarritasunarekin bat etorriz. Beraz, Gobernuari eskatzen diogu eraikuntza jasangarria zaharberritzean oinarritu dadila”

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) ohartarazi duenez, “segur aski ez gara gauden egoeraz arduratuko, ez baikara garaiz iristen ari krisi klimatikoari aurre egiteko. Eraikuntza jasangarriaren sustapenak 2016an onetsitako legearekin du zerikusia. Eraikuntza jasangarria ez da ingurumena bakarrik, hiri-bizigarritasunarekin eta soziabilitatearekin ere badu zerikusia. Espekulazioan oinarritutako UPNren politikak eraman gintuen hiri-eredua eraldatzeko apustua egin genuen. Testuinguru horretan, zaharberritzea eta efizientzia energetikoa oso garrantzitsuak dira”.

 

Marisa De Simónek (Izquierda-Ezkerra) “efizientzia energetikoarekin, jasangarritasunarekin eta zaharberritzearekin lotutako guztia jorratuko duen arkitektura integralaren" aldeko apustua egin du. Jakintzaz ari gara, inpaktu guztiak baloratzeaz. Zaharberritzerako estrategia nazional bat behar da, besteak beste, kokapena, berrerabilera eta orientazioa kontuan hartuko dituena. Ez gaude ados hartzen den edozein erabaki interes pribatuen mende egotearekin. Gai horiek guztiak kontuan hartuko lituzkeen foru dekretu bat beharko litzateke”.