Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Irailak 25

Parlamentuko Lehendakaria Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Nafarroako Sarearen ordezkaritza batekin bildu da

Hualdek gai honen inguruan dagoen adostasun politiko eta soziala azpimarratu du eta Parlamentuak 2007ko Pobreziaren aurkako akordioa berresteko duen konpromisoa gogora ekarri du

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Unai Hualde, Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Nafarroako Sarearen ordezkariekin bildu da gaur, lehendakari den Amaia Leranozekin, Verónica Oliver idazkariarekin eta Edurne Redín idazkari teknikoarekin.

 

Amaia Leranozek azaldu duenez, “Parlamentuko lehendakari berriarekin lehen kontaktua izan da, entitate gisa gure burua aurkezteko eta epe motzean ditugun lan-ildoak ezagutarazteko, urrian pobreziaren hilabetea dela eta antolatutako jarduerak, esaterako. Gobernu akordioak proposatzen dituen neurriak ere aztertu ditugu, gure proposamenekin bat datozen jakiteko”.

 

Ildo horretan, Sareak azpimarratu du “pobrezia eta gizarte bazterkeria bizi duten pertsonen parte hartze politikoa sustatzea ezinbestekoa dela, ahal den neurrian, solaskide zuzenak bihur daitezen. Helburua da euren egoera ezagutzea eta plantea daitezken konponbideak ezagut ditzaten”.

 

Unai Hualdek “pobreziaren erradikatzera eta gizarte kohesioa hobetzera zuzendutako politika publikoak egiteko beharraren inguruan dagoen adostasun politiko eta sozial zabala” azpimarratu du. Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa agertu du, 2007an sinatutako Pobreziaren aurkako Nafarroako Akordioa berrikusi eta eguneratzeko, datorren urriaren 17an Pobrezia desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatuko dela probestuz.

 

Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Nafarroako Sarea 1994an sortu zen irabazi asmorik gabeko gizarte entitateen elkarte horizontal bezala pobreziaren eta gizarte bazterkeria desagerraraztea elkarrekin lantzeko. 22 gizarte entitatez osatu zen, eta gaur egun 30 erakunde sozialez osatuta dago, eta zubi lana egiten du entitateen, erakundeen eta pertsonen artean.