Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Apirilak 2

Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du ostiralean, boto eskuordetuarekin, Covid-19aren krisi sanitarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituzten bi foru lege-dekretuak Foru Lege gisa jasotzeko

Foru Araubideko Batzordeak ostiral honetan ezagutuko ditu arlo desberdinetan hartu diren neurriak eta gaur bertan erregistratu diren hiru foru lege proiektuen justifikazioa

Nafarroako Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du ostiral honetan, apirilak 3, 09:15ean, pasa den martxoaren 27an aho batez baliozkotutako koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak indarrean jartzen dituzten bi foru lege-dekretuen edukia jasotzen duten bi Foru Lege proiektuak, presako prozeduraz izapidetutakoak, eztabaidatu eta kasua bada, onesteko.

 

Bilkura streaming bidez eskainiko da, eta ezin izanen da kazetaririk bertaratu. Parlamentuko Mahaiko kideak, talde parlamentarioetako eledunak eta Gobernuaren ordezkaritza batek soilik parte hartuko dute. Gainerakoek botoa eskuordetu beharko dute, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin.

 

Martxoaren 18ko 1/2020 eta Martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuak Foru Lege proiektu gisa izapidetzeko erabakia Legebiltzarraren Zerbitzu Juridikoek txosten baten bidez emandako gomendioei jarraikiz hartu da, izan ere, Legebiltzarraren funtzionamendua gaur egungo osasun larrialdi egoerari egokitzeari buruzko txostenak arrazoi juridikoak aipatzen ditu eduki hauek ordenamenduan bide horretatik sartzeko.

 

Argudiatzen da ezen 1/2020 Foru Dekretuak, martxoaren 18koak, koronabirusaren osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak onartzen dituenak (COVID-19), bere eraentze-esparrutik kanpoko gaiak ukitzen dituela, eta horietako bat, garrantzitsuena, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak direla. Aurreikuspen horrek talka egiten du Foruaren Hobekuntzaren 21.bis1 artikuluan xedatutakoarekin, non xedatzen baita foru lege dekretuek ezin dutela eraginik izan Nafarroako Aurrekontu Orokorretan ez eta hauteskunde-araubidean ere.

 

Zehazki, aipatzen da 1/2020 Foru Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen aldaketa bat jasotzen dela, "enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek hala behar duten enpresei laguntzeko eman ditzaketen abal edo antzeko bermeen eta maileguen gehieneko zenbatekoei dagokienez”.

 

Eskariak gora eginen duela aurreikusten denez, 1/2020 Foru Lege Dekretuak 30 milioitik 40 milioira igotzen du entitate horiek abal edo antzeko bermeetarako eman dezaketen gehieneko zenbatekoa, eta 15 milioitik 30 milioira, berriz, maileguei dagokiena. Ondorioz, erakunde horien gehieneko arrisku bizia 97 milioitik 107 milioira igotzen da abal edo antzeko bermeetarako, eta 134 milioitik 149 milioira maileguetarako.”

 

Horregatik, Foru Lege Dekretuaren balizko aurkaratzea saihesteko, txostenak gomendatzen du, Konstituzio Auzitegiaren 6/1983 epaia oinarri hartuta, foru lege bihur dadila, haren erabateko eraginkortasuna ziurtatzeko "beharrezko berme juridiko guztiak" emateari begira.

 

Ganberako Legelari Nagusiak egin du txosten juridikoa, Eledunen Batzarrak 2020ko martxoaren 16an hartutako akordioa betez. Lehendakariaren eskariz Mahaiak hilaren 16an hartutako eta 23an luzatutako ezohiko neurriek eragindako jarduera murrizketaren ondoren argitu beharreko gaiak zehazten ditu txostenak.

 

Bestalde, gaur Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bidekonferentzia bitartez egindako bilkuran, datorren ostiralerako, apirilak 3, deitutako Foru Araubideko Batzordearen bilkuraren edukiari buruz zenbait eledunek egindako dokumentazio eta informazio eskaerak zehaztu dira.

 

Erabakitakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko lehendakariak COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren kudeaketaren berri emango du, bai eta osasunaren, ekonomiaren, gizarte politiken eta landa garapenaren arloan hartutako neurrien berri ere. Era berean, María Chivitek gaur Legebiltzarrean erregistratu diren hiru lege proiektuen inguruko azalpenak emango ditu, eta horiek presako prozeduraren bidez eta irakurketa bakarrean izapidetzeko eskatuko du, “COVID-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiengatik”. Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura eginen dute ostegun honetan, 13:30ean, hiru proiektuen izapidetzea onartuko den aztertzeko.

 

Era berean, ostiral honetako Foru Araubideko Batzordearen edukiari dagokionez, Nafarroako Gobernuak COVID-19 krisiaren kudeaketari buruz erregistratzen duen idatzizko informazio guztia 50 parlamentarioei bidaliko zaiela ebatzi da.

 

Mahaiak martxoaren 27an erabaki zuen Foru Araubideko Batzordeak bilkura bat eginen duela astero, Nafarroako Gobernuaren eta talde parlamentarioetako eledunen arteko hartu-emanari eusteko Gobernua kontrolatzeko eginkizunaren esparruan. Kasu honetan koronabirusak eragindako krisi sanitarioari buruzko gaietara mugatuko da gai-ordena. Osasunaren Mundu Erakundeak martxoaren 11n koronabirusa nazioarteko pandemia gisa katalogatu zuenez geroztik egin diren gainontzeko bilkurak bezala, bilkura horiek Osoko Bilkuren aretoan eginen dira (streaming bidez).