Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Urriak 11

Parlamentuak NUP eta PESekiko lankidetza hitzarmena aurkeztu du Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 aldirako Nafarroako Ituna noraino bete den ebaluatzeko

NUPek balorazio tresna bat emanen dio Legebiltzarrari martxoaren 31 baino lehen, gizarte sareekin hitzartutako helburuak eta ekintzak noraino bete diren aztertu eta neurtzeko

Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalok gaur hitzarmen bat aurkeztu dute, bi erakunde horiek eta Gizarte Erakundeen Plataformak (PES) egina, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 aldirako Nafarroako Ituna noraino bete den ebaluatzeko.

 

Xede horrekin, hitzarmenean NUPek konpromisoa hartu du itunean jasotako helburu eta ekintzen ebaluazioa ahalbidetuko duen proposamen metodologiko bat prestatu eta Legebiltzarraren esku jartzeko, talde parlamentarioek eta parlamentari elkarteek aztertu eta erabil dezaten, Legebiltzarrari esleitutako eginkizunetan ari direla.

 

Nafarroako Parlamentuak 14.960,15 euroko dirulaguntza emanen du gehienez (hitzarmena formalizatzeko unean % 50), diagnostikoarekin, azterketarekin eta ebaluazio tresna egin, aurkeztu eta zabaltzearekin zerikusia duten jardueretarako. Tresna horrek eskuragarri egon behar du 2023ko martxoaren 31 baino lehenago.

 

NUPek, bere aldetik, proiektua ongi burutzeko behar diren azpiegitura eta giza baliabideak jarriko ditu, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak emandako jarraibideen arabera.

 

Lanak hasi eta amaitu baino lehen informazio jardunaldi bana eginen da, eta bigarrenean azterlana aurkeztuko da; horren jarraipena egin behar duen batzordea entitate sinatzaile bakoitzaren bi ordezkarik osatuko dute, eta adostasunez hartuko ditu erabakiak.

 

Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 aldirako Nafarroako Ituna izeneko dokumentua 2019ko Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguneko ospakizunaren haritik sortua da, eta 2007an hartutako konpromisoak berritzen, eguneratzen eta handitzen ditu. Itun hori 2021eko otsailaren 20an sinatu zen. Helburuen eta ekintzen gida bat jasotzen du, Nafarroako Gobernuak Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) inplementatu ditzan.

 

Hitzarmena bat dator NUPen funtsezko xedearekin, jakintza zabaltzen baitu gizartearen ongizaterako. Hura aurkeztu ondoren, Unai Hualde eta Ramón Gonzalo “pozik” agertu dira “segida ematen diogulako harreman onuragarri bati”, kasu honetan PES osatzen duten sareekin batera.

 

Unai Hualdek esan duenez, hitzarmenaren xedea “hurrengo legegintzaldiko ordezkari parlamentarioei eta hurrengo Gobernuari utziko diegun legatua da. Itun batean elkartu gara eta nahi dugu hura betetzea. Pobreziaren eta desberdinkeriaren aurkako borrokak batu gaitu; akordioa aho batez sortu da, legegintzaldi zail baten esparruan. Gizarteko kolektiboekin batera lan egiten lagunduko diguten tresnak jartzen jarraitu behar dugu. Hori bazen Lehendakaritza honen helburu bat”.

 

Horiek horrela, gogora ekarri ondoren nola NUPen, CERMINen eta Parlamentuaren arteko hitzarmen batek, Nafarroako arau esparrua Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentziora egokitzeko azterketa batean oinarrituta, bide eman dion Desgaitasunari buruzko Foru Lege proiektuari (dagoeneko zuzenketen izapidea gainditu du), Unai Hualdek hilaren 28ko osoko bilkura monografikoa aipatu du: “iragan astean hasi gara bilkura prestatzen, Pobrezia eta gizarte-bazterkeria desagerrarazteko estrategiei buruzko jardunaldi batekin”.

 

Ramón Gonzalok Parlamentuari eskerrak eman dizkio “gure jakintzan eta gure zientzian” konfiantza izateagatik, eta azpimarratu du NUPek konpromisoa duela GJHen alde eta bere inguruneko garapen jasangarriaren alde. “Aditu talde bat sortuko dugu itunaren betetze maila ebaluatu eta neurtuko duen adierazle sorta bat definitzeko”.

 

Ricardo Hernándezek ere, PESen izenean, esan du garrantzitsua dela itunaren betetze maila ebaluatzea “krisia areagotzen ari den honetan. Pobrezia gero eta kronifikatuagoa dugu eta inork ez du merezi atzean gelditzea. Parlamentuak 2030 Agendarekiko duen konpromisoa Nafarroako gizarte osoak partekatutako xedea da”.