Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Martxoak 12

Parlamentuak bertan behera utzi ditu ostiral honetako batzordeak, aretoen ezaugarriengatik, eta Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren asteleheneko bilkurara mugatu du jarduera

Legebiltzarra telelanaren ezarpen selektiboa aztertzen ari da administrazio-jarduera geldituko balitz ere; ordutegi malgua onartu du, eta erregistro telematikoa erabiltzeko agindu du

Nafarroako Parlamentuak jarduera parlamentarioa oraingoz bertan behera uzteko agindu du, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkura izan ezik; bilera hori astelehenean eginen da, hilak 16, goizeko 10etatik aurrera. Gainerako lan parlamentarioak, tartean osoko bilkurak, agerraldiak eta ostiral honetan egitekoak ziren bi bilkurak (Europako Gaietarako Lantaldea eta Lurralde Antolamenduko Batzordea) bertan behera gelditu dira oraingoz.

 

Egoera aldatu egin da Unai Hualde lehendakariak neurri osagarriak ezarri dituelako, Parlamentuko Mahaiak gaur 08:30ean onetsitako Kontingentzia Planaren esparruan eratutako koordinazio taldeari entzun ondoren.

 

Hori horrela, eta Lehendakariari batzorde parlamentarioen bilkura arruntak eta lan bilerak bertan behera urgentziaz uzteko ahalmena ematen dion Ebazpenaren babesean (2016ko 53. NPAO, apirilaren 18koa), lehendakariak agindu du bertan behera uzteko Mikel Irujoren agerraldia (Europako Gaietarako Lantaldea) eta Enrique Maya Iruñeko alkatearekiko lan bilera (Lurralde Antolamendua), batzordeen bilera aretoen ezaugarriak ez direlako egokiak laneko arriskuen prebentzioari buruz Osasuneko arduradunek Parlamentuko langileentzat zein parlamentarientzat eman dituzten gomendioak betetzeko. Bi bilera horiek ostiral honetan egitekoak ziren.

 

Aldiz, eutsi eginen zaio Mahaiak eta Eledunen Batzarrak astelehenerako, hilak 16, deitua duten bilkurari, baina ondoren eledunek erabilera anitzeko aretoan emanen dute prentsaurrekoa (dezentez handiagoa da) eta hartara, arriskuak saihesteaz gain, streaming-ean emititu ahal izanen da. (www.parlamentodenavarra.es).

 

Gainera, parlamentariek bakarrik (lagunik gabe) sartu beharko dute garajera, eta bai parlamentariek bai haien taldeetako langileek (laguntzaileak) nahitaez erabili beharko dute erregistro telematikoa.

 

Bestalde, telelanaren sistema abian jarri ahal izateko neurriei dagokienez, ostiral honetako 14:00etara arteko epea ezarri da ezinbestekotzat jotzen diren langileak identifikatzeko, hau da, administrazio-jarduera geldituko balitz ere lanean jarraitu beharko luketenak, betetzen dituzten eginkizunek hala eskatzen dutelako. Halaber, salbuespenezko baimenak eskatu eta eman ahalko dira, arestian aipatutako telelaneko araubidea barne, langileak garrantzi bereziko inguruabar pertsonalak edota familiarekikoak dituela egiaztatzen den kasuetan.

 

Lanaldi-araubide arrunta gorabehera, baldin eta agintariek agindu orokorra ematen badute hezkuntza zentroak edo antzekoak ixteko —halaxe egin dute—, legebiltzarreko langileek, baimena jasoz gero, ordutegi malgua izanen dute, bizitza pertsonala eta lana bateragarri egin ahal izateko. Hala, bada, langileek nahierara moldatu ahalko dute lanaldia 07:00etatik 20:00etara bitartean, inguruko pertsonak zaintzeko: 16 urtera arteko seme-alabak (edo zaharragoak, mendekotasuna izan eta gurasoekin bizi badira) edo mendekotasuna duten adinekoak.

 

Lehendakariak salbuespenezko neurri horien berri eman die segituan eledunei. Guztiak erabaki dira koordinazio taldearen lehenengo bileran, 14:30ean, osoko bilkura amaitu eta berehala. Honako hauek osatzen dute koordinazio taldea: Unai Hualdek, haren Kabineteko buru Inma Juríok (lehendakariorde lehena), letradu nagusiak, Zerbitzu Orokorretako buruak eta Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordeak.

 

Aldez aurretik, goizean, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak koronabirusari (COVID-19) aurre egiteko kontingentzia plana onetsi du.

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/nafarroako-parlamentuak-kontingentzia-plan-bat-taxutu-du-koronabirusa-dela-eta