Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Martxoak 12

Nafarroako Parlamentuak kontingentzia plan bat taxutu du koronabirusa dela-eta

Astelehenetik aurrera parlamentu-jarduera murriztuko da, Osoko Bilkurak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarra eta agerraldiak soilik mantenduz, eta egoitzarako sarbidea ere mugatuko da

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak kontingentzia plan bat onetsi du gaur aho batez, koronabirusa Foru Komunitatean zabaltzen ari dela ikusirik, koordinazio talde bat eratzeko. Talde horrek monitorizatu, proposatu edo ezarriko ditu osasun agintariek emandako jarraibideen arabera aplikatu beharreko neurriak. Hala adierazi du Unai Hualdek prentsaurrekoan, “osasun arloko agintarien aginduei jarraiki”.

 

Era berean, erabaki da heldu den astelehenetik, martxoak 16, aurrera jarduera parlamentarioa mugatzea. Hala, osoko bilkurak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkurak eta agerraldiak soilik eginen dira. “Gainerako jarduerak –lan bilkurak, batzorde parlamentarioen bisitak eta gainerako lan arautuak– bertan behera geratuko dira besterik agindu arte”, baieztatu du Lehendakariak.

 

Halaber, astelehenetik aurrera Legebiltzarraren egoitzarako sarbidea ere mugatuko da, halako moduz non sartzeko baimena soilik izanen baitute parlamentariek, legebiltzarreko langileek, ikus-entzunezko zerbitzuetako teknikariek, garbiketako langileek eta Parlamentuko zerbitzuak bermatzeko ezinbestekoak diren mantentze-lanetarako enpresatakoek, bai eta talde parlamentarioen langileek, komunikabideetakoek eta hornitzaileek ere, ezinbestekoa izanez gero.

 

Koordinazio taldeak gaur bertan eginen du lehenengo bilera –bilerak aurrez aurrekoak edo telematikoak izan ahalko dira–, Osoko Bilkura amaitu ondoren, eta honakoek osatuko dute: Parlamentuko lehendakariak, kabineteburuak, Mahaiko kide batek, legelari nagusiak, Zerbitzu Orokorretako buruak eta Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordeak.

 

Parlamentuko Mahaiari dagokio kontingentzia plan honen baitan eta osasun arloko agintarien gomendioei jarraikiz hartu eta ezarri beharreko neurri guztiak onestea. Hala ere, presa dela-eta beharrezkoa balitz, Parlamentuko lehendakariak neurri osagarriak hartu ahalko ditu, ezohiko moduan, eta ondoren horren berri eman beharko dio erakundearen gobernu-organoari.

 

Hasteko, Idazkaritza Orokorrak eta Parlamentuko Zerbitzu Orokorretako buruak proposaturik, higiene eta prebentzio neurri-sorta bat hartu da; besteak beste, informazio-oholak jartzea, erabili eta botatzeko higiene-materiala banatzea eta osasun arloko agintariek emaniko gomendioak, jokabideari eta gaixotasunaren sintomak izan ahal dituen orok jarraitu beharreko prozedurari buruzkoak, zabaltzea. Era berean, “erabilera komuneko lekuetako saneamendua indartu” dela adierazi du Hualdek.

 

Legebiltzarreko langileek positibo emanen balute edo medikuaren aginduz berrogeialdian egon beharko balute, berehala jakinaraziko litzaieke zerbitzu orokorrei beren ezagutzarako eta, kasua bada, osasun arloko agintariek gomendatzen dituzten zuhurtzia-neurriak ezartzeko. Parlamentarien kasuan, lehendakariari eman beharko diote beren egoeraren berri.

 

Edonola ere, osasun arloko zerbitzu publikoek ebaluatuko dute Parlamentuko langileen egoera koronabirusa dela-eta, eta haiek erabakiko dute aldi baterako ezintasunagatiko baja ematea. Kasu horretan, forudunei botoa eskuordetzeko baimena emanen zaie.

 

Neurri hauek guztiak aldi baterako dira, osasun publikoko arrisku honek irauten duen bitartean aplikatuko dira eta ez dute eskuratutako eskubiderik sortuko. Kontingentzia plana onetsi ondoren, parlamentariei, haien taldeetako langileei eta Legebiltzarreko langileei helarazi zaie.