Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Urtarrilak 21

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez, adierazten du arbuiatzen duela Aita Mari eta Open Arms itsasontziei Mediterraneoan zaintza lanak egin eta itsasoan galdutakoak jasotzeko itsasoratze-eskaera ukatu izana

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2019ko urtarrilaren 21ean

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak adierazten du arbuiatzen duela Aita Mari eta Open Arms itsasontziei Mediterraneoan zaintza lanak egin eta itsasoan galdutakoak jasotzeko itsasoratze-eskaera ukatu izana. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Aldeko botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu Orain Bai e I-Ek. UPNk alde bozkatu du puntu guztietan lehenengoan izan ezik, horretan abstenitu egin baita. PSNk eta PPNk puntu guztien alde bozkatu dute salbu lehenengoan eta laugarrenean; horietan abstenitu egin dira.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du arbuiatzen duela Aita Mari eta Open Arms itsasontziei Mediterraneoan zaintza lanak egin eta itsasoan galdutakoak jasotzeko itsasoratze-eskaera ukatzeko erabakia, kostako herrialdeek nazioarteko betebeharrak betetzen ez dituztela-eta lan horiek egiteko zailtasunaren babesean.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasuneko estatuei eskatzen die premiaz taxutu dezatela erreskate-eredu bat itsaso handian galdu eta laguntza ematen zaien pertsonen eskubideak bermatuko dituena, halako moduz non gertuen dagoen portuan lehorreratuko direla aurreikusi ahalko den.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasuneko estatuei eskatzen die eremu horretan diharduten baliabideak gainditzen dituzten egoerak iraun bitartean beharrezkoa dela itsasoan dituzten laguntza-zerbitzuak ahalik eta hobekien koordinatzea erakunde humanitarioekin.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du berriro azter dezan Aita Mari itsasontziaren eskaera; izan ere, itsasontzi horrek beharrezkoak diren legezko ziurtagiriak ditu salbamendu-lanak egiteko. Agintari eskudunek laguntza eman behar dute lan humanitarioa ahalik eta eraginkortasun eta segurtasun handienarekin egiteko bai eskifaiarentzat, bai itsasontziarentzat, bai erreskataturiko pertsonentzat.

 

5. Nafarroako Parlamentuak salatzen ditu sorosleak eta langile humanitarioak kriminalizatzeko maniobrak, Elkartasuna eta Gizatasuna kriminalizatzen baitira, bai itsasoan bai lehorrean.

 

6. Nafarroako Parlamentuak elkartasun eta babes mezu bat helarazten dio Aita Mari itsasontziko eskifaia osoari”.