Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Urtarrilak 29

Nafarroako Parlamentuko lehendakaria Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariekin bildu da

Plataformak azken jardunaldietako ekarpenak biltzen dituen argitalpena eman dio Hualderi, eta bizikidetasun demokratiko baten alde lan egiten jarraitzeko asmoa erakutsi du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariekin bildu da gaur Legebiltzarraren egoitzan. Nafarroako plataformaren ordezkaritza Fernando Armendáriz, Expe Iriarte, Txemi Pérez eta Tasio Arrizabalagak osatu dute.

 

Expe Iriartek azaldu duenez, Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariek 2019an antolatu dituzten jardueren balantzea egin dute bileran, azaroan egin ziren jardunaldietako ekarpen nagusiak biltzen dituen bideoa eta argitalpena eman dizkiote lehendakariari –besteak beste, ETAren biktima izan zen Robert Manriquerekin eta Mikel Zabalzaren arreba Idoia Zabalzarekin Osoko Bilkuren aretoan egindako mahai-inguruarena–, eta aurten egin nahi dituzten zenbait proiekturen berri eman diote”.

 

Unai Hualdek, berriz, berriro helarazi die “Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa bizikidetasunaren alde lan egiten jarraitzeko, biktima guztientzako egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioekin bat etorriz”.

 

Hartara, lehendakariak berretsi die prest dagoela orain arteko elkarlanari eusteko, “tolerantzia, elkar-aditzea eta urraketa nahiz sufrimendu ororekiko errespetua oinarri betiere”.

 

Nafarroako Parlamentuak 2016tik aitzina hartu ditu Foru Sozialaren ekimenez antolatutako ekitaldiak; esaterako, jatorri anitzeko indarkerien biktimen arteko topaketa eta Europar Batasuneko beste lurralde batzuetako indarkerien analisia, Irlandakoa kasu.

 

Foro Sozial Iraunkorra plataforma sozial bat da, helburu duena “bizikidetasun demokratikoa eraikitzea, halako moduan non, biktimen arteko topaketa eta errekonozimendu dinamikak sortuz, memoria kritiko inklusiboa taxutzea ahalbidetuko baita, herri honen gehiengo sozial eta politikoarekin bat”.