Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Irailak 7

Nafarroako Parlamentuak premiazkotzat jotzen du Gobernuak ekarpen ekonomiko bat egitea udalei, eskola publikoen garbiketak eta desinfekzioak ekarri dituzten gastu gehigarriei aurre egiteko.

Parlamentuak irmo gaitzesten ditu ‘Ospa Eguna’ren karietara izandako ekitaldiak, balio demokratikoen aurkakotzat jotzen dituelako; eta uko egiten dio errege emerituari Parlamentuaren urrezko domina kentzeari

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak udal guztiei ekarpen ekonomiko bat egitea, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen garbiketa eta desinfekzioa indartzeko gastuei aurre egiteko. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Navarra Sumak eta EH Bilduk alde bozkatu dute; PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurka; eta Izquierda-Ezquerra abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

 “Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak udal guztiei ekarpen ekonomiko bat egiteko konpromisoa hartzea, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen garbiketa eta desinfekzioa indartzeak eragindako gastuei behar bezala erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak onartutako Prebentzio Protokoloan eskatzen den moduan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten baititu Ospa Egunaren karietara prestatutako eta azkenean egindako ekitaldiak. Navarra Suma eta PSN talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

Navarra Sumak eta PSNk alde bozkatu dute; EH Bilduk aurka; eta Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak 1. puntuaren aurka bozkatu dute eta 2. eta 3. puntuetan abstentzioa eman dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

 “Nafarroako Parlamentuko Mahaiak erabaki du:

 

1- Irmo gaitzestea Ospa Eguna deritzonaren karietara prestatutako eta azkenean egindako ekitaldiak, helburu dutenak Guardia Zibileko, Polizia Nazionaleko, Foruzaingoko eta Udaltzaingoko kideak eta haien senitarteko eta lagunak xaxatzea eta iraintzea eta haienganako gorrotoa sentiaraztea.

 

2.- Ospa Eguneko ekitaldiak bizikidetasunaren eta printzipio eta balio demokratikoen aurkakoak direla deklaratzea, errespetu osoa merezi duten pertsona eta talde batzuk herritarren bizitzatik baztertu nahi dituztelako, jazarpenaren eta irainaren bidez.

 

3.- Parlamentuaren babesa adieraztea Altsasun nahiz Nafarroako gainontzeko herrietan lan egiten duten Guardia Zibileko, Polizia Nazionaleko, Foruzaingoko eta Udaltzaingoko kideei eta haien senitarteko eta lagunei”.

 

-Eledunen Batzarrak ez du onetsi EH Bildu talde parlamentarioak, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztutako adierazpen instituzionalaren proposamena. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Juan Carlos I.a errege emerituari Nafarroako Parlamentuaren urrezko domina kentzeko erabakia hartzen zuen.

 

Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute, eta Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak, berriz, alde.

 

Onetsi ez den adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:

 

 “1. Nafarroako Parlamentuak erabaki du Juan Carlos I.a errege emerituari Nafarroako Parlamentuaren urrezko domina kentzea”.