Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Azaroa 22

Nafarroako Parlamentuak poza agertu du ‘Skolae’ programa ezartzeagatik

Egungo araudiak hezkuntza afektibo-sexualari buruz ezartzen duenaren arabera lan egiteko deia luzatzen du, kritika “atzerakoi eta ideologikoak” alde batera utziz

Parlamentuko Osoko Bilkurak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez, Ganberaren ustez, “behar-beharrezkoa da hezkidetza hezkuntzaren zutabeetako bat izatea, eta apustu egiten du hezkuntza afektibo-sexuala errealitate bat izan dadin Nafarroako ikastetxe guztietan, giltzarria baita bizitza sexual eta afektibo osasuntsua, positiboa, librea eta arduratsua sustatzeko, jarrera desdoituak, matxistak eta diskriminatzaileak ekiditeko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean eta erantzukidetasunean hezteko, ezagutzatik, errespetutik eta bizikidetzatik abiatuta”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, era berean, “aintzat hartzen du Hezkuntza Departamentua, Osasun Publikoaren Institutua eta Berdintasunerako Institutua hezkidetzaren eta hezkuntza afektibo-sexualaren arloan egiten ari diren lana, eta pozik azaltzen da Skolae programa ezarri delako”.

 

Azkenik, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “neurri eraginkorrak ezar ditzan eta lanean jarrai dezan hezkuntza afektibo-sexualaren arloan, egungo arau-esparruak ezarritako bidean, halako moduan non Nafarroako ikastetxe guztietako ikasleek aukera berberak izanen baitituzte”.

 

PSNk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, EH Bilduk onartu duena, baina baztertu egin da UPN, Geroa Bai eta PPNren aurkako botoekin. Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “Skolae programa derrigorrez ezar zezan diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztietan. Hezkuntza Departamentuak curriculum autonomikoan sartuko zuen programa hau, eta heziketa eta ikastetxe bakoitzak erabiltzen duen materiala behatuko zuen”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak azpimarratzen du Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen eta Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuaren onespenaren atzean dagoen indar politikoa, Hezkuntza eta Osasun Departamentuei agintzen baitzaie hezkuntza afektibo-sexual egokia sustatuko duten programak elkarlanean garatzea.

 

Aginduei jarraiki, eta zehazki, Foru Dekretuaren 7. artikuluak dioenari jarraiki, hezkuntza afektibo eta sexuala unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako curriculumean sartzea ezartzen da, eta beraz, ikastetxeko hezkuntza proiektuan ere, dekretu honek indarra hartu eta urtebeteko epean.

 

Testuinguru horretan, Skolaeren ekarpena defendatzen da, “2017tik 2021era bitarteko hezkidetza plana zehazten du” eta gainera, “berdintasunaren eta genero-indarkeriari aurre egitearen arloko hainbat profesional adituk adierazi dute Estatuko hezkidetza-programarik onena eta aurreratuena dela”.

 

Berdintasunari Skolaek egiten dion ekarpena azpimarratzeaz gain, aipatzen da kritika “ulertezin eta arrazoirik gabeak” egin direla, “kritika zeharo atzerakoi eta ideologikoak, iraganera garamatzatenak, hezkuntza afektibo-sexual hutsal batera edo irakasleen inplikazioaren eta borondatearen mende egotera”.