Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Irailak 9

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du ume sahararrak hartzen dituzten familiei ongietorria egiteko eta aitorpena azaltzeko

Unai Hualdek Nafarroako herritarren elkartasuna eta Ganberaren konpromisoa azpimarratu ditu Marokok SEADen aurka egiten duen giza eskubideen urraketaren inguruan

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur arratsaldean, ume sahararrak hartzen dituzten familiei ongietorria egiteko eta aitorpena azaltzeko. Ekitaldi horretan, Unai Hualdek “eskerrak eta elkartasuna” adierazi dizkio Saharako Errepublika Demokratiko Arabiarreko (SEAD) herri osoari, “joan den maiatzean Ganbera honek aho batez berretsi baitzuen bere eskaerei atxikitzeko konpromisoa, betiere Nazio Batuen erabakiekin bat etorriz”.

 

Atalondoan bildutako familiei egindako agurrean, kasu honetan “haur sahararren irribarrerik gabea, baina hilabete batzuk barru berriz ikusi ahal izatea espero dugu”, lehendakariak “Nafarroako herritarren eta haiek ordezkatzen dituen erakundearen elkartasuna” azpimarratu du, eta Marokok egiten duen giza eskubideen urraketaren ondorioz Mendebaldeko Saharan bizi den egoera hobetzeko lanean jarraitzearen alde egin du, “legez kanpo okupatuta baitago”.

 

Testuinguru horretan, Unai Hualdek nabarmendu egin du harrera-familien jarrera eta erantzuna, “urtez urte haur horien ongizatea hobetzen saiatzen zaretelako”, eta erakundeen erantzuna lortzen inplikatzeko deia egin du, “administrazioen konpromisoa gizartearen konpromisoaren parean jartzeko”. Berriz esan beharko dugu, Nafarroa beti izan baita solidarioa, eta Parlamentu hau ere bai”.

 

Hala, “Saharan ere badakite zer den COVIDa pairatzea, eta egoera muturrekoagoetan”, adierazi ondoren, lehendakariak Nafarroako familien “abegi ona” eta saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea nabarmendu ditu. Pandemia gorabehera, Parlamentu honek ez dio lan egiteari utzi, ezta beste errealitate batzuen jarraipenari dagokionez ere. Milesker”.

 

Ondoren, Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoaren buru Carlos Menak gogora ekarri du Nafarroak Saharako auziari egiten dion ekarpena, bai maila instituzionalean, bai gizarte mailan, eta zeuek zarete horren “frogarik onena”.

 

“Pandemiak areagotu egin du kanpalekuetako egoera, berez konplexua, zeren eta jaimetako konfinamenduaren gogortasunari eskasia handiagoa gehitu behar izan baitzaio laguntza humanitarioaren atzerapenagatik. ANARASD eta ANAS elkarteek sahararren alde egiten duten lan handia eskertzen dugu. Saharako gatazkak Nafarroako gizartean izaten jarrai dezan ahalegintzen jarraituko dugu”.

 

Azkenik, Saharako Errepublika Arabiarraren ordezkari Lehbib Breikak eskerrak eman dizkie Nafarroako Parlamentuari eta harrera-familiei, eta lurralde okupatuetan bizi den muturreko egoeraren berri eman die, izan ere, COVIDak maila guztietan jo du, are gehiago osasun-arloan.

 

“Aurten, haur sahararrek ez dute aukerarik izan Nafarroan beti izaten duten harrera onaz gozatzeko, baina badakigu familiek kanpamentuetan begiratzen dutela. Saharako gatazkaren irtenbidea beren lurraldeetara itzultzea da. Bitartean, Nafarroaren elkartasunari eta laguntzari eutsi eta eskerrak ematen jarraituko dugu”.

 

Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako atalondoan izan da eta bertan izan dira, besteak beste, Javier Garcia (Navarra Suma), Isabel Aranburu (Geroa Bildu), Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznarez (Podemos-Ahal Dugu), Marisa de Simón (I-E), Gizarte Babeseko eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusi Andrés Carbonero, Migrazio Politiketako zuzendari nagusi Patricia Ruiz de Irizar eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko buru Juan Carlos Castillo.

 

Ekitaldian, Laneko Arriskuen Prebentzioak ezarritako higiene- eta prebentzio-neurriak eta segurtasun-distantziak bete dira, baita areto bakoitzerako –kasu honetan, atalondoa– gehieneko edukiera ere.