Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Martxoak 27

Nafarroako Parlamentuak aurten ere Planetaren Orduarekin bat egin du

WWF erakunde ekologistak deitutako itzalaldiarekin bat egiten du, eta larunbatean, hilak 28, 20:30 eta 21:30 bitartean argiztapenik gabe egongo da

Nafarroako Parlamentuko argiztapena itzalita egongo da larunbat honetan, martxoaren 28an, 20:30 eta 21:30 bitartean, WWF erakunde ekologistak mundu mailan klima aldaketaren aurka deitu duen itzalaldiarekin bat egiten duela islatuz.

 

WWF erakundearen Planetaren Orduak mila milioi pertsona baino gehiago inplikatzeko asmoa du baita munduko milioika hiri ere, klima aldaketaren aurkako ekintzak duen babes globala erakusteko eta berotze globalaren ondorioez ohartarazteko. Aurten birtualki ospatuko da herrialde gehienetan, eta COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren aurrean esperantza eta elkartasuna islatu nahi du. Horretarako, ekitaldi digitalak eginen dira.

 

Oraingoan, Planetaren Orduak azpimarratu nahi du gizakien osasuna planetarenarekin lotuta dagoela. Naturaren degradazioarekin, kanpaina honek bioaniztasunaren galera berehala eteteko beharrean jartzen du fokua, gure osasuna eta ongizatea bermatzeko.

 

WWF “naturaren babeserako lan egiten duen nazioarteko erakunde independente handi eta eraginkorrenetako bat da”. 1961ean sortu zen eta Espainian 1968an.

 

Planeta bizi baten alde egiten du lan erakundeak eta bere eginkizuna Lurraren “ingurugiroaren degradazioa geldiaraztea” da eta etorkizun bat eraikitzea, non, “gizakia eta natura harmonian biziko diren: munduko aniztasun biologikoa babestuz, baliabide natural berriztagarrien erabilera jasangarria izango dela ziurtatuz eta kutsaduraren eta gehiegizko kontsumoaren murrizketa sustatuz”.

 

WWF erakundea Suizan dago baina 100 herrialde baino gehiagotan lan egiten du, mundu osoan bost milioi pertsona ingururen babesarekin. WWF sarean 27 nazio erakunde daude, 5 erakunde kide eta 22 programa bulego.