Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Irailak 14

Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen ditu irailaren 13ko goizaldean Altsasun izandako istiluak, eta dei egiten die herritarrei arduraz joka dezaten

Legebiltzarrak Dislexiaren Egunarekin bat egiten du, Morian jazotako suteak kaltetutako errefuxiatuei elkartasuna adierazi die eta ikasturteari hasiera emateko ekitaldian Letizia Erreginak parte hartzeari abala eman dio

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Dislexiaren Egunaren inguruko ospakizunarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde jaunak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du heldu den urriaren 8an eginen den Dislexiaren Egunaren inguruko ospakizunarekin, eta egun horretan Legebiltzarraren egoitzaren fatxada urdin turkesa kolorez argiztatuko da.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du urriaren 8a Dislexiaren Nazioarteko Eguna izendatzeko ekimenarekin”.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Letizia Erreginak 2020-2021 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian parte hartzea. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

Navarra Sumak eta Nafarroako Alderdi Sozialistak aurka bozkatu dute; EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak alde; Geroa baik 1. puntuaren aurka eta 2. eta 3. puntuen alde bozkatu du. Adierazpen instituzionalaren 2. puntua aldatu egin da, EH Bilduk eskatuta.

 

Onetsi ez den adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Letizia Erreginak parte hartzea Milagroko Nuestra Señora del Patrocinio Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan eta San Adriango Bigarren Hezkuntzako Institutuan eginen den 2020-2021 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian.

 

2. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du Estatu eredua, haren burutza barne, herritarrek modu demokratikoan erabakitzea, erreferendumaren edo kontsulta loteslearen bidez.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bere babesa agertzen die irakasle, ikasle, irakasle ez diren langile eta familiei, haiek guztiak baitira hurrengo ikasturte hasieraren egiazko protagonista bakarrak”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Moriako kanpalekuan izandako suteak kaltetutako pertsona migratzaile eta errefuxiatuei. PSN eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarioen elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Navarra Sumak 1. eta 2. puntuen alde eta 3., 4. eta 5. puntuen aurka bozkatu du; PSNk 1., 2. eta 3. puntuen alde eta 4. eta 5. puntuen aurka bozkatu du; Geroa Baik 1., 2. eta 3. puntuen alde bozkatu du eta abstenitu egin da 4. eta 5. puntuetan; EH Bilduk 1., 2., 4. eta 5. puntuen alde bozkatu du eta abstenitu egin da 3. puntuan. Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek bost puntuen alde bozkatu dute. Adierazpenaren azken bi puntuak EH Bilduren eskariz gehitu dira.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Moriako pertsona errefuxiatuentzako kanpalekuan izandako suteak kaltetutako milaka pertsona migratzaile eta errefuxiatuei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du premiazkoa dela Espainiako Gobernuak bat egitea Alemania, Frantzia, Finlandia, Luxenburgo, Eslovenia, Herbehereak, Kroazia, Portugal eta Belgika bezalako herrialdeen erabakiarekin, prest agertu baitira errefuxiatu adingabeak hartzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak uste du Espainiako Gobernuak politika europar berri baten aitzindari izan behar duela, halako moduz non Turkia, Maroko edo Libia bezalako herrialde mugakideak pertsona migratzaile eta errefuxiatuak atxiki ditzaten finantzatzeari utziko zaion eta zirkulazio librerako eskubidea aitortu eta asilo eta babes legedia beteko diren.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio beharrezkoak diren baliabideak berma ditzan pertsona errefuxiatuen eskubideak zaintzeko eta pertsona horien harrera integralerako, gizarte zibileko erakundeekin eta bestelako erakundeekin lankidetzan eta koordinatuta.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Europako erakundeei eskatzen die bertan behera utz ditzaten Europar Batasunak Turkiarekin eta beste herrialde mugakide batzuekin dituen hitzarmenak eta zaindu dezaten nazioarteko asiloari buruzko legedia betetzen dela, hala nola Genevako Konbentzioa, giza eskubideen arloko zenbait itun eta Nazioarteko Zuzenbidea, pertsona guztien eskubideak bazterketarik gabe bermatzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen ditu irailaren 13ko goizaldean Altsasun izandako istiluak, eta dei egiten die herritarrei arduraz joka dezaten. PSN eta Geroa Bai talde parlamentarioek eta Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarioen elkarteak aurkeztu dute.

 

Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk e I-Ek alde bozkatu dute; EH Bildu abstenitu egin da 1. puntuan eta 2.aren alde bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen ditu irailaren 13ko goizaldean Altsasun izandako istiluak, bai eta kalte materialak eta pertsonalak eragiten dituen antzeko indarkeria-adierazpen oro ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berriz ere dei egiten die herritarrei, arduraz joka dezaten eta errespeta ditzaten agintariek xedaturiko osasun neurriak, COVID-19aren pandemiari eta pairatzen ari garen osasun krisi larriari aurre egiteko”.