Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Maiatzak 14

Nafarroako Parlamentuak “Amazonia: narratibak lurraldeetatik” erakusketa inauguratu du

Erakusketa Salestarren Misioak GKEk antolatu du. Maiatzaren 30era arte egonen da irekita eta asmoa du jendea krisialdi klimatikoaren egoeraz sentsibilizatzea, bereziki Amazoniari dagokionez

Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariorde Ainhoa Unzuk goiz honetan inauguratu du Amazonia: narratibak lurraldeetatik erakusketa, Edu Leon argazkilariak egindako argazkien sorta, Salestarren Misioak GKEk antolatua. Erakusketak bilatzen du nafarrak sentsibilizatzea egungo krisialdi klimatikoaren egoeraz, kasu honetan Amazonia ardatz hartuta, eta lurraldea defendatzen duten indigenen eskubideen urraketez, bai eta haien zergatiez eta ondorioez ere, bereziki emakumeekin lotutakoei dagokienez.

 

Hasierako hitzaldian Ainhoa Unzuk erakusketaren egileei eskertu die Parlamentua hura ezartzeko aukeratu izana, “gogoeta eginarazten digun” tresna izateaz gain “sorospen oihu bat” delako, “beste alde batera ez begiratzera edo gertatu ez balitz bezala ez jokatzera” behartzen gaituena.

 

Unzuk arreta jarri du planetako oihan tropikal handienak azken hamarkadetan jasaten duen mehatxu gero eta handiagoan. Izan ere, baso-azaleraren galerak berotze globala areagotzen du eta Amazoniako biodibertsitateari eragiten dio, milaka espezie arriskuan jarriz eta komunitate indigenen bizimodua mehatxatuz.

 

Ildo horretan, azpimarratu duenez krisialdi klimatikoa, “egun munduaren birika den Amazonian kokatua”, bada “benetako erronka mundial bat”, eta gehitu du beharrezkoa dela aurrerabidea egitea 2030 Agendan, Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzean, ekintzarako deialdi unibertsal moduan pobrezia amaitzeko, planeta babesteko eta mundu osoko pertsonen bizitzak eta itxaropenak hobetzeko.

 

Salestarren Misioen herritartasun globalerako hezkuntza arloko arduradun Paloma Monterok eskertu du erakusketarako gunea utzi izana, non “iradokitzen den gogoeta egitea Ama Lurra zaintzearen garrantziaz, orain dela hainbat mende natura zaintzen duten jatorrizko herrien ikuspegitik, gure bizimodua ezbaian jartzeraino”.

 

Ekuadorreko Amazonian Edu Leónek hartu dituen argazkiak direla-eta, gehitu du “indigenen erresistentzia dokumentatuak, bereziki emakumeen aldetikoak multinazionalen eta politikarien erauzketa-interesen aurrean, erresistentziaren zati txiki bat direla, Abya Yalako lurraldeetan; izen hori da herri indigena askok aldarrikatzen dutena Amerika eta Mundu Berria ordezteko, eta itzulpena du bizi-odolaren lurra”.

 

Inaugurazioa amaitzeko, ibilbide gidatua egin da Edu León argazkien egilearen eskutik.

 

Amazonia: narratibak lurraldeetatik erakusketan biltzen dira Edu Leónen 85 argazki, roll up-etan aurkeztutako azalpen-testuak, euskaraz zein gaztelaniaz, eta 9 QR zenbait protagonistari egindako elkarrizketekin. Erakusketa Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, maiatzaren 30era arte, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik; eta larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen artistiko arras desberdinei bere ateak ireki eta sostengua ematen baitie.

 

Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da, eta bertara hurbildu dira, besteak beste, Bigarren Lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin, Bigarren idazkari Mikel Zabaleta, Ángel Ansa (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Pablo Azcona (Geroa Bai), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (A.P. Vox).