Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Ekainak 26

Nafarroako Gobernua premiatzen da koordinatu ditzan tokiko entitateekin udal bakoitzaren soluzio partikularrak, abiadura handiko Internet eramateko xedez

Azken milia delakoaren konektibitatearen oinarrizko beharrei erantzun nahi zaie, abiadura handiko Internet udalerri txikienetako etxebizitza eta negozio guztietara irits dadin

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “koordinatu ditzan tokiko entitateekin udal bakoitzaren soluzio partikularrak, abiadura handiko Internet eramateko pertsona bat bizi den, negozio bat dagoen, zerbitzu bat eskaintzen den edo eskatzen duen txoko bakoitzera; azken batean, kontua da fokua azken milian jartzea, guztiok konektibitatea izan dezagun eta inor atzean ez uzteko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “koordinatu ditzan tokiko entitateekin eta telekomunikazio-operadoreekin (baita kooperatibekin eta irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteekin ere) udal bakoitzaren soluzio partikularrak, zuntz optikoa edo konektibitate seguru eta sendoa –gutxienez ere 100 Mb-koa– eramateko pertsona bat bizi den, negozio bat dagoen, zerbitzu bat eskaintzen den txoko bakoitzera; azken batean, kontua da fokua azken milian jartzea, guztiok konektibitatea izan dezagun eta inor atzean ez uzteko”. Bigarren atal hau Navarra Sumaren ekimenez gehitu da, gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu baitu eta Podemos-Ahal Duguk, ekimenaren titularrak onartu baitu. EH Bilduk abstentzioa bozkatu du eta gainerakoek aldeko botoa eman dute.

 

EH Bilduk aurkeztu duen ordezteko zuzenketa berriz ez da onetsi, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “eskubide digitalei buruzko foru lege proiektu bat presta dezan, neurriak hartu eta beharrezkoak diren inbertsioak egiteko esparru gisa, behin betikoz konpontzeko “azken milia”ri buruzko arazoa; izan ere, hori dela-eta Nafarroako herri askok ez dituzte betetzen gutxieneko baldintzak konektibitateari buruzko oinarrizko beharrizanei erantzuteko”.

 

Ildo horretan, aipatzen zen “beharrezkoa dela ahalbidetzea digitalizazioa oinarrizko kontsumo-ondasuna izatea eta herritar guztiei bermatzea, kontuan izan gabe haien baldintza sozioekonomikoak eta edozein dela ere bizi diren udalerria”.

 

Zehazten zenez, “prozesu horretan, kontsumo-puntuetarainoko estaldura koordinatu beharko da toki entitateekin, halako moduz non sarea publikoa izanen den eta gainera aukera emanen digun epe laburrean burujabetza digitalari buruzko esparru bat lortzeko”. Podemos-Ahal Duguk zuzenketa onartu du baina Navarra Sumak eta PSNk aurkako botoa eman dutenez, ez da onetsi, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren babesa ez baita nahikoa izan.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Europako Agenda Digitalean eta Nafarroako Banda Zabalaren Plan Zuzentzailean ezarritako helburuak aipatzen ditu, kokapen geografikoaren araberako arrakala digitala ezabatzeko, Covid-19ak agerian utzi baitu.

 

“Nafarroako herritar guztiei abiadurarako eta sare-kalitaterako aukera berberak eskaintzeko” diseinatutako politika publikoak hizpide, “azken milia delakoaren (abiadura handiko Internet eramatea etxebizitza eta negozio guztietara) konektibitatearen egoera berrikus dadila” eskatzen da.

 

Konektibitate falta udalerri txikienen behar handienetako bat bihurtu denez gero, sustatzaileek diote “ez digula ezertarako balio banda zabalaren II. planaren hedapena horizontean izateak, “azken milia" delakoaren (abiadura handiko Internet eramatea etxebizitza eta negozio guztietara) konektibitatearen egoera berrikusi gabe jarraitzen badugu”.

 

Nafarroak egun banda zabaleko 901 km-ko sarea du eta biztanleriaren % 88 baino gehiagok sarerako sarbidea du. Baina Europako Agenda Digitalak eskatzen du 2020an herritarren % 100ek sarerako sarbidea izatea segundoko 30 megabyteko abiadurarekin, eta 2030ean herritarren % 100ek 100 megabyteko sarbidea izatea

 

Mikel Asiain (Geroa Bai) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak honakoak izan dira Ángel Ansa, Javier García, Pedro González, Iñaki Iriarte, Elena Llorente (Navarra Suma), Javier Lecumberri, Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN), María Solana (Geroa Bai), Laura Aznal, Maiorga Ramírez (EH Bildu) Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).