Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Martxoak 12

Nafarroako Gobernua premiatzen da belaunaldiarteko bizikidetza modalitateetan sakondu dezan

Esperientzia pilotuak eskatzen dira lurraldeko hainbat tokitan, adinekoek eta gazteek bizigarritasun-mailan duten autonomia-eskasia arintzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, aho batez, zeinaren bidez Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua eta arlo horretako eskumenak dauzkaten gainontzeko departamentuak premiatzen baitira “belaunaldiarteko bizikidetza dela-eta dauden modalitateetan sakondu dezaten, Errealitatearen Behatokiak taxututako dokumentuarekin bat, belaunaldiarteko bizikidetza-ereduetako proiektu pilotuak garatuz”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “belaunaldiarteko bizikidetza-ereduak direla-eta egiten diren ekimenak gure foru erkidegoko toki ezberdinetan gara daitezen eta toki entitateen, elkarteen eta gazteekin nahiz adineko pertsonekin zuzeneko harremana daukaten taldeen parte-hartzearekin egin daitezen”.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “genero-ikuspegia sar dezan belaunaldien arteko bizikidetza-ereduetan, herrietan esku-hartzeko estrategiak definitzean ager daitezkeen desorekak arintzeko”. Podemos-Ahal Dugu taldeak aurkeztutako zuzenketa baten bidez gehitu da atal hau, PSNk, ekimenaren titularrak onartu ostean.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Errealitate Sozialaren Behatokiak eginiko “Belaunaldiarteko Ostatu Esperientziak” txostena aipatzen du, bertan azaltzen baitira hautatu gabeko bakardadeak dakartzan “ondorio psikologiko okerrak, baita pertsona nagusi askok eta askok –bereziki, emakumeek– bizi duten egoera ekonomiko prekarioa ere”.

 

Bestalde, “gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunak” azaleratu ondoren, aurreko legegintzaldiaren amaieran Iruñean abiarazitako “belaunaldiarteko ostatu esperientziak” proiektuari jarraipena ematearen alde agertzen da ekimenaren sustatzailea.

 

Hori dela eta, “Europan orain dela bi hamarkada baino gehiagotik dauden belaunaldiarteko ostatu esperientziak” eredutzat hartuta, arlo horretan sakontzeko apustua egiten da, pertsona nagusiek eta gazteek bizi duten prekarietate egoerei aurre egiteko, “autonomia defizita duten” bi kolektibo hauek neurri zehatzak eskatzen baitituzte.