Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 28

Mozio bat baztertu da, Hezkuntza Departamentua premiatzen zuena Haur eta Lehen Hezkuntzan euskararen eta gaztelaniaren artean dagoen “oreka erreala errespeta” zedin Lan Eskaintza Publikoan

UPNk Gobernuari egozten zion “Nafarroako hezkuntza sistemaren behar eta errealitatearekiko oso urrun dauden irizpide politiko eta alderdikoiak” erabili izana

Parlamentuko Osoko Bilkuran mozio bat atzera bota du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldekoekin, Legebiltzarra premiatu nahi zuena “errefusatzen zezan Hezkuntza Departamentuaren erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira 2019ko ekainean eginen diren oposaketarako maisu-maistren 643 lanpostu hutsen espezialitateak eta hizkuntzak, uste duelako desorekatua eta justifikaziorik gabea dela, eta Nafarroako hezkuntza sistemaren errealitatetik eta beharrizanetatik urruntzen dela”.

 

Baztertutako ebazpenak bigarren atalean Hezkuntza Departamentua premiatu nahi zuen “maisu-maistren 643 lanpostu horiek halako moduan bana zitzan espezialitateetan eta hizkuntzetan non errespetatu eginen baitzen Haur eta Lehen Hezkuntzan euskarari eta gaztelaniari dagokienez dagoen oreka erreala”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak zalantzan jartzen zuen maisu-maistren kidegorako deialdiko lanpostuen banaketa, 281 euskaraz eta 362 gaztelaniaz, “proportziorik eta justifikaziorik gabekoa”. Ziurtatzen zuen, onespen horrek, halaber, “hautsi egiten zuela funtzio publikoko lanpostu baterako sarbidea gidatu behar duen aukera berdintasunaren printzipioa”, eta “Nafarroako hezkuntza sistemaren behar eta errealitatearekiko oso urrun dauden irizpide politiko eta alderdikoiak” erabili direla.

 

Zentzu horretan, Gobernuaren erabakiak “ziurgabetasun juridikoa” ere badakarrela zioen mozioak; izan ere, “Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen 2016an egindako Lehen Hezkuntzako oposizioetako euskarazko ehun bat lanpostu, eta horren ondoriozko egoerak konpondu gabe dirau”.