Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Abenduak 4

Foru Legebiltzarraren lau hamarkadak argazkitan laburbiltzen dituen ‘Nafarroako Parlamentuaren 40 urteak’ erakusketa inauguratu da

2017ko bildumaren luzapen bat da, 1979an Lehen Legebiltzarra osatu zuten 70 gizon eta emakumeei eskainitako atal berezi batekin osatua

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuaren 40 urteak argazki erakusketa inauguratu du gaur, ordezkarien Ganberaren lau hamarkadako historia erakusten duen irudi bilduma.

 

Duela bi urte Nafarroako Egunaren karietara antolatutako eta izaera ibiltaria zuen bilduma haren luzapena da honakoa. Oraingo honetan lehenengo Legebiltzarra (1979) osatu zuten 70 gizon eta emakumeei atal berezi bat eskaintzen zaie, frankismoaren ondorengo parlamentarismo demokratikoaren abiaburu izan baitziren.

 

Unai Hualdek irekiera ekitaldian azaldu duenez, erakusketa honek aurreko legegintzaldian diseinatutako bilduman dauka oinarria, Nafarroako ordezkarien legebiltzarraren eta garaiko eskaera politiko, sozial eta sindikalen arteko loturaren ideia eskaintzeko asmoz.

 

Oraingo honetan, Lehendakariak zehaztu duenez, “Lehen Foru Parlamentua osatu zuten 70 ordezkariei so egiten die bereziki erakusketa honek, Merindadeetan oinarritutako behin behineko sistema baten bidez hautatuak izan ziren gizon eta emakumeei”.

 

Lehen Asanblada horri dagokionez, Unai Hualdek azpimarratu du “Lorafnaren aurreko Ganbera izan zela, legegintzaldi horretan zehar Estatuarekin negoziatu eta itundutakoa, eta egun gure Parlamentua denaren eta Nafarroa eta Estatuaren arteko harremanaren mugarria ezarri zuena. Hori dela eta, lehen urte haietan 70 pertsona hauek egindako lana goraipatzeko, testuinguru berezi hura islatzen duten lau panel txertatu nahi izan ditugu”.

 

Lehendakariak, bilduma osatzen parte hartu duten argazkilari eta gainerako langileei eskerrak eman ostean, pasa den azaroaren 18an Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako Adierazpen Instituzionala gogora ekarri du, Nafarroako Parlamentuaren eta Toki Korporazio demokratikoen 40. urteurrenaren kariaz aurkeztutakoa.

 

Testuan, Hualdek esan duenez, esker ona adierazten zaie espreski 70 parlamentari haiei, eta garai haren “munta historikoa” aipatzen da, zeinean nafar gizarteak apustu egin baitzuen “demokraziaren, gure autogobernuaren eta gure erakunde- eta eskumen-araubidearen alde”.

 

José Javier Fortún Nafarroako Parlamentuko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuaren arduradunak, 1979ko Foru Parlamentuaren garrantzia azpimarratu du, “parlamentu erakundeek zortzi mendeko historia zuten arren, sufragio unibertsalaz hautatua izan baitzen. 70 parlamentari haiek erakutsi nahi izan ditugu, Nafarroako herria ordezkatzen baitute bere osotasunean”.

 

Ekitaldia Legebiltzarraren atalondoan ospatu da, eta bertan izan dira María Chivite, Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Ibáñez, Legebiltzarreko bigarren lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin lehen idazkaria, Javier Gómara Nafarroako Parlamentuko Lehendakari ohia, Carlos García Adanero Diputatua baita Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztietako parlamentariak ere.

 

Nafarroako Parlamentuaren 40 urteak erakusketa 55 argazkik osatzen dute (40 x 50 cm), hamalau paneletan Legegintzalditan banatuak (hamar gehi Foru Parlamentuaren aurrekoa). Urtarrilaren 10era arte ikusgai egonen da Legebiltzarraren atalondoan 10etatik 20etara astelehenetik ostiralera, eta larunbatetan 11:30etatik 14etara.

 

Nafarroako Parlamentuko Prentsa Zerbitzuak egin du zuzendaritza eta errealizazio lana, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuaren laguntzarekin. Zuzendaritza artistikoan Adolfo Lakunza Eguaras aritu da, Ganberako argazkilari ofiziala.

 

 

Erakusketarako argazkiak utzi dituzten argazkilariak hauek dira: Javier Sesma, José Antonio Cordovilla, José Antonio Goñi, Jorge Nagore (DIARIO DE NAVARRA), Javier Bergasa, Patxi Cascante, Iñaki Porto (DIARIO DE NOTICIAS), Jesús Diges, Villar López (Agencia EFE), Jagoba Manterola, Lander F. Arroyabe (ARGAZKI PRESS), Xabi Ventura (NAVARRA HOY), Joxe Lacalle (Egin), Cristina Abadía, Luis Azanza eta Adolfo Lakunza.

 

Nafarroako Parlamentuaren eta Toki Korporazio demokratikoen 40. urteurrenaren kariaz eginiko Adierazpen instituzionala:

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/adierazpen-instituzional-bat-onetsi-da-nafarroako-parlamentuaren-eta-toki-korporazio