Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Azaroak 18

Adierazpen instituzional bat onetsi da, Nafarroako Parlamentuaren eta Toki Korporazio demokratikoen 40. urteurrenaren kariaz eginikoa

Mahaiaren eta Eledunen Batzarra onetsia. 2019ko azaroaren 18an

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, Nafarroako Parlamentuaren eta Toki Korporazio demokratikoen 40. urteurrenaren kariaz eginikoa. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak eta Foru Komunitateko toki entitateek gertakari haien 40. urteurrena ospatzen dute munta historikoko lorpentzat harturik, zeinean nafar gizarteak apustu egin baitzuen demokraziaren, gure autogobernuaren eta gure erakunde- eta eskumen-araubidearen alde.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere esker ona adierazi nahi die Foru Parlamentuaren I. legegintzaldia 1979ko apirileko hauteskunde-deialdiaren emaitza gisa osatu zuten foru parlamentariei. Legegintzaldi hartan, Legebiltzarra bitarteko bat izan zen garai hartako gizartea kezkatzen zuten ideiak eta proiektuak proiektatzeko, bai eta gune ere Foru Komunitatearen gaur egungo instituzionalizaziorako testuez luze eta zabal eztabaidatzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak halaber azpimarratu nahi du lehenbiziko toki korporazio demokratiko haien zeregina, elkarbizitza- eta garapen-garai berri bat ireki baitzuten nork bere komunitatean, uste osotzat oinarri hartuta toki erakunde politikoak funtsezko elementua direla haien zerbitzu-konpromisoaren xede diren pertsonen ongizate indibidual eta sozialerako. Gaur egun gozatzen dugun gizarte-kohesioaren eta bizitza-mailaren parte handi batek garai historiko hartan izan zuen bere ernamuina.

 

4. Nafarroako Parlamentuak bere esker ona halaber adierazi nahi die erakunde honen 40 urte hauetan parte hartu duten foru parlamentariei. Berrogei urte hauetan zehar, nafar Legebiltzarrak ekarpena egin du nafar herriaren borondatea ordezkatzeko, hauteskunde ezberdinetara aurkeztu eta haietan ordezkaritza lortu duten aukera politiko ezberdinen bitartez, foru komunitate gisa garapen-maila altua erdieste aldera. Esker on hori halaber helarazi nahi die 1979an hasitako langintzari jarraipena eman eta gure herri eta hirietako bizitza eraldatu duten milaka alkate eta zinegotziei.

 

5. Nafarroako Parlamentuak, nafar gizartearen subiranotasunaren ordezkaritza-organoa den aldetik, eta toki entitateek, beren zerbitzuaren jomuga diren pertsonekiko hurbiltasunak daukan balioan oinarriturik, aldarrikatzen dute beren borondatea dela nafar herritarren eskaerei erantzuten segitzea, gure autogobernua defendatzea eta elkarrizketa-, tolerantzia- eta akordio-gune izaten segitzea, non tokia izanen baitute nafar herritarren eskaera zilegi guztiek".