Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Abenduak 2

Euskaltzaindiari bere mendeurrenean Nafarroako Parlamentuaren domina emateko ekitaldia

Unai Hualdek azpimarratu du “aho batez” egiten zaiola errekonozimendua Euskaltzaindiari eta “hizkuntzaren arloko akordio zabalagoen ataria” izatea espero duela

Euskaltzaindiaren ehun urteak direla eta, Osoko Bilkuren Aretoan egindako ekitaldian Nafarroako Parlamentuaren domina jaso du euskararen akademiak. Foru legebiltzarrak ematen duen sari gorena da, eta errekonozimendu horrekin, berariaz onetsi den adierazpen instituzionalean azaltzen denez, Euskaltzaindiaren “ibilbide akademiko eta historikoa” saritu nahi izan da, batez ere “euskara batu eta normalizatzeari” dagokionez.

 

Ekitaldia 2019ko Nafarroaren Egunaren inguruan prestatutako jarduera programaren barnean antolatu da, eta han izan dira, besteak beste, María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos, lehendakari ohia, Koldo Martínez, Nafarroako Senataria, Javier Enériz, Aratekoa, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Pedro Elosegi, Arabako Batzar Nagusietako Lehendakaria, Ana Otaduy, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakaria, Andrés Iñigo, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria, Beñat Arrabit, Euskararen Erakunde Publikoaren Presidentea, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztietako hainbat parlamentarirekin batera.

 

Bere hitzaldiaren hasieran Unai Hualdek azpimarratu du “aho batez” erabaki dela Euskaltzaindiari Parlamentuaren domina ematea. Bat etortze horrek, “ezohikoa izateagatik, are bereziago bihurtzen du euskararen alde, batzen gaituen hizkuntzaren alde, lan egiteko sortu zen erakundearen omenezko egintza hau. Haren ehun urteko ibilbideak ongi merezi du alderdien arteko borrokak alboratzea, halaxe ulertu du Parlamentuak, eta horrek baikor sentiarazten nau; hizkuntza politikaren arloko beste akordio zabalago batzuen ataria izanen ahal da”.

 

Testuinguru horretan, nabarmendu du lehendakaria den aldetik ohore handia duela “Euskaltzaindiaren sustatzaile izatearen pribilegioa partekatzen duten erakunde publikoen ordezkariak” Nafarroako Parlamentuan bildu izana. Ondoren Unai Hualdek gogora ekarri du ez dela “inola ere kasualitatea” batera izatea Nafarroaren Eguna eta Euskararen Nazioarteko Eguna, eta konpromisoa hartu du urratsak egiten jarraitzeko “erlikia balitz bezala begiratu nahi ez diogun hizkuntza bizi baten normalizaziorantz. Parlamentu honek berak onetsitako Euskarari buruzko Legea garatzeak inor ez luke harritu behar, legezko eginbeharra baita. Izanen da atzera egin nahi duenik, baina gizarteak kontrako bidea hartu du, eta haren presentzia gero eta zabalagoa da kalean zein hedabideetan”.

 

Hala, Bernardo Atxaga edo Berri Txarrak bezalako sortzaileen ekarpen bikaina aipatu du, argi uzteko “euskarak, geure hizkuntza den aldetik, aberastu” egiten gaituela. Gero Unai Hualdek gogora ekarri du nola duela ez hainbeste urte euskarak larrialdia bizi izan zuen, eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren gomendioak gogorarazi ditu. Errekonozimendua agertu die baita “euskara sustatzeko konpromisoa duten gizarte eragile guztiei” ere.

 

Lehendakariak esan du, azkenik, ezin dela “euskararen egungo egoera ulertu Euskaltzaindiaren lanari erreparatu gabe. Bihoakie nire esker ona eta errekonozimendua euskaltzain izan diren guztiei, batez ere haren jatorrian izan ziren Arturo Campion eta Jose Agerre nafarrei eta gaur egun haien lekuan daudenei: Pello Salaburu, Sagrario Aleman, Andres Iñigo, Patxi Salaberri eta Patxi Zabaleta. Eskerrik asko eta zorionak euskaltzain guztiei. Zorionak Euskaltzaindiari”, errepikatu du Hualdek, eta Castillo Suarez idazle altsasuarraren olerki bat irakurri du (Lore zuritua).

 

Jarraian, talde parlamentarioetako eledunek adierazpen instituzional bat irakurri dute, Eledunen Batzarrak iragan hilaren 25ean aho batez onetsi zuena, Euskaltzaindiak bere 100 urteko historian egindako lanaren esker onez.

 

Gero Noelia Compains taldeak jota bat interpretatu du, eta musika tarte horren ondoren, Mahaiak Nafarroako Parlamentuaren domina Euskaltzaindiari emateko hartutako erabakiaren berri azaldu du Maiorga Ramírez bigarren idazkariak. Segidan, Unai Uhaldek domina, erabakiaren testua eta adierazpen instituzionalaren testua eman dizkio Andres Urrutia Badiola Euskaltzaindiko buruari.

 

Andres Urrutiak oroitarazi du Euskaltzaindia “Nafarroan euskara sustatu eta lantzeko lehen mailako tresna” dela eta izan dela, “euskara eta euskal kultura sortu, hedatu eta gizarteratzeko ezin konta ahala ekimenen bitartez, ehun urtean zehar eta ez beti egoera errazetan”.

 

Horren haritik, hau adierazi du Urrutiak: “Euskaltzaindia beti ahalegindu izan da bere eginkizuna betetzen politikaz kanpo eta politika ororen gainetik, arrazoi sinple batengatik: uste duelako euskara herri baten ondasuna dela, denon ondasuna, eta, horrexegatik, ondasun hori ezin duela baliatu ez monopolizatu inongo alderdi, sinesmen edo ideologiak”.

 

Esandakoan sakonduz, Urrutiak honako hau baieztatu du: “Gaur egun sustapen horretarako bideak ditugu hizkuntzaren erabilera sozial harmonikoa, Nafarroaren nortasunaren osagaitzat hartzea eta, batez ere, nafarren arteko komunikaziorako tresnatzat hartzea, Foru Komunitate honetako beste hizkuntza historikoekin edo gaurkoekin batera”.

 

Ildo horretan, Urrutiak ziurtatu du Euskaltzaindiak sinesten duela “Nafarroako formula klasikoan, askatasun zibilaren elementu guztiak biltzen dituen eta Foru Komunitate honek berezkoa duen horretan. Hain zuzen ere, itunean sinesten dugu. Nafarroako Foru Berriak 7. legean dioenarekin bat gatoz, paramiento fuero vienze, hau da, nafarren arteko ituna hizkuntzari buruzko legearen hitz lehor eta hutsalari gailendu ahal zaio eta oinarrizko elementu izan daiteke Nafarroan euskararen etorkizuna autorregulatzeko garaian”.

 

Ekitaldiari amaiera emateko, Julio Soto bertsotan aritu da eta Duguna Dantza Taldeak agurra dantzatu du.

 

Parlamentuak irailaren 25ean onetsitako adireazpen instituzionala:

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/nafarroako-parlamentuak-aintzatetsi-egiten-baitu-euskaltzaindiak-bere-historiako-100

 

 

Ekitaldiko bideo bat:

 

https://labur.eus/oItfn