Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Martxoak 3

Eskubide Sozialetako Batzordea Ezgaitasunaren Arreta Integralerako “Valle de Roncal” zentrora bisitan joan da

Taldeek egiturazko akatsak egiaztatu dituzte, eta konpromisoa hartu dute lehenbailehen erreforma sakon bati ekiteko, agian finantzarioki jasangarriak diren inbertsioen bidez

Navarra Sumak eta EH Bilduk eskaturik, Eskubide Sozialetako Batzordea Ezgaitasunaren Arreta Integralerako “Valle de Roncal” zentroan egon da bisitan. Titulartasun publikoko eta kudeaketa pribatuko egoitza-dotazioa da, 104 plazaz hornitua, horietako 10 eguneko egonaldietarako.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Marta Álvarez, Ángel Ansa (Navarra Suma), Arantza Biurrun (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Patricia Perales, Txomin González (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

Nafarroako Parlamentuko ordezkariei Basi Barriga zuzendariak egin die harrera Iruñeko Ospitalgune Psikogeriatrikoan, bertan baitago “Valle de Roncal” zentroa.

 

Bisitaren helburua, Marta Álvarez eta Patricia Peralesek azaldu dutenez, instalazioak ikusteaz gain, “Zentroaren Parte-hartze Kontseilua ezagutzea izan da, zuzendaritza, senideak, langileak eta erabiltzaileak bertan ordezkatuta daudenez gero, premiazko beharrak zeintzuk diren jakiteko”.

 

Jarraian, Parlamentariek bisita gidatu bat egin dute instalazioetatik zuzendariak lagunduta, eta 104 erabiltzaile eta 170 langile dituen eta 1998ko abuztutik martxan dagoen zentroaren “egiturazko akatsak” ezagutzeko aukera izan dute.

 

Eskubide Sozialetako Batzordeko kideek erabiltzaileen logelak ikusi dituzte (gehiengoak hiru erabiltzailek elkarbanatuak), baita jarduera eta aisialdi guneak, sukaldea eta garbitokia ere.

 

Ondoren, Basi Barrigak Valle de Roncal zentroaren ezaugarri prestazionalak azaldu ditu, “ezintasun psikiko moderatu, larri eta sakona duten 65 urtetik beheitikoei laguntzeko egoitza da, ez baitute autonomiarik edo etxean egoteko behar den familia- eta gizarte-laguntzarik ez baitute”.

 

Hitz egiteko txandan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda taldeen bozeramaileek adierazi dute beharrezkoa dela zentroaren egitura-erreforma bat bultzatzea. Horretarako, 2008an egindako proiektu bat dago.

 

Marta Álvarezen iritziz (Navarra Suma), “garrantzitsua zen Legebiltzarrak CAIDIS Valle de Roncal zentroaren egoera ikustea, haren birmoldaketak ez baitu atzerapenik onartzen. Larrialdi horren aurrean talde guztiak ados gaudela dirudi”.

 

Ildo beretik, Patricia Peralesek (EH Bildu) “lehentasunezko egoeraz” hitz egin du, eta, 2020rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartuz gero, finantza aldetik jasangarriak diren inbertsioen bidez bidera litekeela adierazi du. Lehenbailehen ekin behar zaio zentro honen zaharberritzeari”.

 

Arantza Biurrunek (PSN) nabarmendu du “adostasuna” dagoela “finantza-inbertsio iraunkorren artean jasota dagoen lehentasun honen inguruan. Duela urte asko egindako aldarrikapen baten aurrean gaude, eta bai Departamentua baita parlamentuko talde guztiak honen alde gaude”.

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai) onartu duenez, “hobekuntza txikiak izan arren, funtsezkoa ez da oraindik aldatu. Gobernuak argi du erreforma sakona egin behar dela. Badirudi finantzetan jasangarriak diren inbertsioena dela biderik bideragarriena, baina hortik ez bada, beste edozein formula bilatu beharko da”.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) adierazi duenez, “borondate politikoaren eta lehentasunen kontua da. Nire taldeak aurkeztutako zuzenketa ez zen onartu eta beraz aurrekontuek ez dute obra hau egiteko partidarik. Esperantza daukat finantzetan jasangarriak diren inbertsioen artean egongo dela erreforma proiektu hau”.

 

Fernando Zocok (langileen ordezkaria) txalotu egin du Parlamentuko taldeek erreformaren aurrean agertu duten jarrera. “Diru kontua da”, baina “arretaren kalitatea, eraikinaren funtzionaltasuna bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa” dela aipatu du. “Batzuetan ez gara iristen, zentroa gaindimentsionatuta dagoelako eta lan-karga izugarria delako”.

 

Pedro Nagorek, senideen bozeramaileak, berretsi egin du “langile ezagatik arreta falta” dagoela, eta gogorarazi duenez, urte asko daramatzate erreforma sakona eskatzen. “Zerbait egin behar da ahalik eta azkarren”.