Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Apirilak 10

Emilio Majuelok kontakizun pertsonalek historia idatzi eta ezagutzeko orduan duten garrantzia azpimarratu du

Kontakizunak Memoria Historikorako Dokumentazio Funtseko zuzendariak eskaini duen “Errepresioa gerrarik gabe: Nafarroa isilduaren kontakizunak” hitzaldian eman dira ezagut

Nafarroako Parlamentuan gaur “Errepresioa gerrarik gabe: Nafarroa isilduaren kontakizunak” hitzaldia eskaini du Emilio Majuelo Gilek, Memoria Historikorako Dokumentazio Funtseko zuzendariak. Nafarroako Parlamentuarekin batera 2009. urtean sortu zen erakundea, 1936ko uztaileko estatu kolpetik Francisco Franco hil arte Nafarroan bizi izandako errepresioaren inguruan ikertzeko helburuarekin.

 

Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, hitzaldiaren aurkezpena egin du erakunde honek azken urteetan zehar burututako lana nabarmenduz, “lan zorrotz eta nekeza”, adierazi du.

 

Aznarezek, gainera, gogorarazi du Parlamentu honek “Memoria Historikoaren berreskurapenarekiko interesa erakutsi duela, baina haratago joan behar dela, Memoria Estatu paktu baten oinarrizko elementu bat izan dadila eskatuz, baita historia liburuetan derrigorrezko ikasgaia izan dadila ere”.

 

Emilio Majuelok kontakizun pertsonal ugari jaso ditu, isilpean egon diren testigantza batzuk, eta haien garrantzia nabarmendu du, izan ere, “ahozko istoriorik eta memoriazko testigantzarik gabe Nafarroako frankismo eta gerraren inguruko historia ez litzateke bera izango”.

 

Kontakizunak bildu ditu memorietatik, autobiografietatik eta aitormen intimoetatik, gehienak berrogeita hamargarren hamarkadan idatziak datuak gal ez zitezen, eta azaldu du “literatura historiko honek ahalbidetu du altxamenduko kontakizun haiek gal ez zitezen. Konfesatu gabeko errepresioaren zantzuak dira, baina egun aitortuta daudenak”. Majuelok amaitzeko, deia luzatu du “guda zibilaren inguruko istorio handi bat idatz dadin, gutxienez, Iruñean”.

 

Emilio Majuelo Gil Nafarroako Unibertsitate Publikoko Memoria Historikorako Dokumentu Funtseko zuzendaria da, eta bertan Geografia eta Historia Departamentuko Irakasle titular gisa lanean dihardu 1995. urtetik. Ikerketa proiektu desberdinetan parte hartu du, hamarnaka hitzaldi eskaini ditu, kongresu desberdinetan parte hartu du antolatzaile edo hizlari gisa, berrogeita hamar artikulu baino gehiago idatzi ditu, prologoak, eta zazpi libururen autorea da. Hamar doktoretza zuzendu ditu eta 2009. urtean NUPeko 2007 eta 2008 urteetako zientzia ekarpenaren saria jaso zuen, giza eta gizarte zientzia, juridiko eta ekonomia arlokoa.

 

Hitzaldira bertaratu direnen artean, Maiorga Ramírez, Dabid Anaut, Miren Aranoa (EH Bildu) eta Laura Perez (Podemos-Ahal Dugu) parlamentarioak egon dira.