Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Otsailak 25

Demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko eztabaida egin dute Nafarroako Unibertsitateko ikasleek

Hualdek hezkuntzaren balioa azpimarratu du Parlamentuaren lana eta zentzua azaltzeko, egun herritarren parte-hartzearekiko eta gardentasunarekiko sentsibilitate handiagoa duena

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren aretoan Demokrazia batean bizi gara titulupean eztabaida bat burutu dute Nafarroako Unibertsitateko Lehen Hezkuntzako, Haur Hezkuntzako eta Pedagogiako Magisteritzako graduetako lehen mailako 70 ikaslek.

 

Parlamentuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko lankidetzarako esparru-akordioaren barruan dago jarduera hau, eta erakunde publikoak unibertsitateko gazteei hurbiltzea du helburu, hauen funtzionamendua eta lan-metodoak ezagututa herritarren kontzientzia handiagoa har dezaten.

 

Ganberako lehendakariak, Unai Hualdek, hitzaldi labur batekin hasi du saioa, eta, unibertsitate-esparruaren indarrari erantzunez, “hezkuntzak” duen balioa azpimarratu du, “erakunde honen lana eta zentzua azaltzeko baliagarria den aldetik; erakunde honek Nafarroako herritarren borondatea adierazten du, izan ere, euren botoekin, gugan jarri dute konfiantza”.

 

Hualdek erregimen demokratikoaren “indarraldia” nabarmendu du, “batzuetan bilakaera inperfektuak eragindako akatsak” alde batera utzi gabe, “praktikan jartzearen” atzean dagoen “doktrina politikoaren” garrantzia azpimarratzeko; izan ere, doktrina horren ezaugarri nagusia “herritarren parte-hartzearekiko eta gardentasunarekiko sentsibilitate handiagoa” da. Horretan egin dugu aurrera azken urteotan”.

 

Testuinguru horretan, lehendakariak “entzun, ikusi eta pentsatzearen” alde egin du, “helburua herritarrentzako onena bilatzea dela inoiz ahaztu gabe”. Horregatik, nahiz eta onartu “askotan funtsezkoa eztabaida alderdikoien artean galtzen dela, gomendagarria da pedagogia. Nire eginkizunetako bat parlamentarien eta legegintza-organoaren lana babestea da”.

 

Hala, demokrazia “hobetzeko” ahaleginean, lehendakariak gazteei “inplikazioa eta erantzukizuna” eskatu die, “gehiago eta hobeto hezitako gizartea lortzeko, besteekiko errespetuarekin konprometitua izanen dena. Funtsezkoa da balio horiek ikasgeletara eramatea. Errespetua eta hezkuntza bestea konbentzitzeko eta hautesleak ordezkatzeko, Parlamentuko klasearen kasuan, eta etorkizuneko herritarrak prestatzeko, irakasleen kasuan. Demokratikoagoak izatea horretan datza. Espero dut zuen ekarpenek Ganbera honen eguneroko jarduna optimizatzen lagunduko dutela”.

 

Jarraian, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Pedagogiako graduetako lehen mailako ikasleek Osoko Bilkura bat eszenifikatu dute ‘zer esan nahi duen demokrazian bizitzeak’ izenburupean. Horretarako, 10 lan-batzordetan banatu dira, hiru gairi buruz gogoeta egiteko: Zer da demokrazia bat eta nor dira haren protagonistak; Zein da gizarte batean herritarren parte-hartzea sustatzeko gakoa; eta Zer ondorio ditu unibertsitario batek herritartasuna sustatzeko egiten dituenak.

 

Ondoren, batzorde bakoitzeko ordezkariek ateratako ondorioak azaldu dizkiete gainerako parte-hartzaileei eta lehendakaritza-mahaiari. Mahaikideak hauek dira: Hezkuntza eta Psikologia Fakultateko dekanoa, Concepción Naval, Elena Arbués eta Juan Pablo Dabdoub irakasleak, eta Leticia Aparicio, Javier Cervera eta María Heredia ikastaro-kontseiluko kideak.

 

Concepción Navalek amaiera eman dio saioari ondorioztatuz “parte-hartzea dela demokraziaren izateko arrazoi nagusia”.

 

Osoko Bilkuren aretoan egindako saioan izan diren Parlamentariak Pedro González, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Arantza Biurrun, Patricia Fanlo (PSN) eta Ana Ansa (Geroa Bai) izan dira.