Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Apirilak 21

Apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretua, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko

Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko apirilaren 21ean

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez baliozkotu egin du 3/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 15ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

 

Martxoaren 27an baliozkotu eta apirilaren 3an foru lege gisa izapidetutako martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuarekin eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuarekin gertatu ez bezala, 3/2020 Foru Lege-dekretua ez da foru lege proiektu gisa eta presako prozeduraren bidez izapidetuko. Navarra Sumak egindako eskaerak ez du aurrera egin PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu baitute.

 

Hirugarren foru lege-dekretu hori ere ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusirik eman da; izan ere, beharrezkoa da hirugarren neurri sorta ezartzea ekoizpen eta gizarte sareari babesa eta sostengua ematen jarraitze aldera. Xedea da krisiaren inpaktua gutxitzea, behin osasun alarma bukatuta, jardueraren suspertze bat bultzatzeko eta kalte iraunkor edo egiturazkoak ekiditeko.

 

Kasu honetan, foru lege-dekretuak arreta berezia eskainiko die autonomoei. Talde hori 47.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute eta horietako askok alarma egoeran baimenduta ez daude jardueratan dihardute, hala nola kulturan, jarduera artistikoetan, kirol jardueratan, ostalaritzan, merkataritzan, ile-apainketan eta hezkuntzan, besteak beste.

 

Jarduera-eteteak gehien kaltetutako beren konturako langileei aitortzen zaie 2.200 euroko aparteko laguntza zuzena, betiere zenbait baldintza betetzen badituzte, besteak beste, jarduerari berrekitea gutxienez hamabi hilabetez. Beste batzuek –jarduera eteteagatiko prestazioari heldu ez baina diru-sarreren % 30eko galera gutxienez izan dutenek– 700 eta 800 euro arteko laguntza jasoko dute.


Laguntza multzo hau bateragarria da –muga batekin– beste edozein administraziotik jaso daitezkeenekin, eta apirilaren 3an 6/2020 Foru Legearen bidez onetsitakoak hobetzen ditu.

 

Komunikabiderik gabe, saioa streaming bidez eskaini da eta honako hauek bakarrik bildu dira: Unai Hualde, Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta Ganberan ordezkaritza duten sei taldeetako eledunak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Gai hori borondatezkoa da, baina interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak egitea, aurrez aurre edo telematikoki, 50 ordezkariekin. Gobernuko lehendakaria –hamaikagarren parlamentarioa–, María Chivite, bere bi lehendakariordeekin –Javier Remírezekin eta Jose Mari Aierdirekin– joan da, bai eta Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maezturekin ere.

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/baliozkotu-da-32020-foru-lege-dekretua-apirilaren-15ekoa-premiazko-neurriak-onesten