Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Azaroak 26

16/2019 Foru Legeari lotutako Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzorderako lau kideak hautatzeko bost hautagai aurkeztu dituzte talde parlamentarioek

Osoko Bilkurak hautatzeko gehiengo osoa beharko da, eta kargua sei urtetarako izanen da

Azaroaren 2an onetsitako bigarren luzapenaren ondoren, Ganberak Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzorderako izendatu behar dituen lau kideen hautagaitzak aurkezteko epea amaituta, talde parlamentarioek bost izen aurkeztu dituzte.

 

Marta Rodríguez eta Mikel Berraondo PSNren babesarekin aurkeztu dira; Roldán Jimeno Aranguren eta María Soledad Barber Burusco Geroa Baik proposatuta; Javier Miranda Erro EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek proposatuta. Navarra Sumak ez du hautagaitzarik aurkeztu.

 

Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen13. artikuluari jarraiki, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea arduratzen da biktima aitortzeko eskaerak aztertzeaz eta, hala badagokio, eskubideak homologatzeaz antzeko ekintzen eraginpean dauden gainerakoekin.

 

Maiatzaren 31n Mahaiak onetsitako arauei jarraiki, hautagaitzak gehienez ere lau pertsonaz osaturik egonen dira. Beren eskubide zibil eta politikoen erabilera erabatekoa izan eta karguan jarduteko behar diren egokitasun-, zintzotasun-, kualifikazio- eta esperientzia-baldintzak betetzen dituzten herritar adindunek osaturikoak izanen dira, eta hautagaitzak aurkezteko epe berri bat ireki da: 2021eko azaroaren 26ko 14:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira. Talde parlamentarioek eta giza eskubideen eta memoriaren arloan diharduten gizarte-erakundeek aurkez ditzakete hautagaitzak.

 

Hautagai-proposamenei curriculum profesional bat gehitu beharko zaie, bai eta zinpeko deklarazio bat ere, non hautagaiek adieraziko baitute beren eskubide zibil eta politikoen erabilera erabatekoa dutela; halaber, proposaturiko pertsonak emandako berariazko onarpena ere jasoko da.

 

Mahaiak, hautagaitza aurkezteko epea amaituta, aztertu eginen ditu eta, kasua bada, aldarrikatu eginen ditu, egoki den osoko bilkuraren gai-zerrendan jasoak izan daitezen. Hautagaitza-errefusatzerik egonez gero, horren aurka helegitea aurkezten ahalko zaio Mahaiari, eta hark modu arrazoituan ebatzi beharko du.

 

9 kidez osatutako lau kideak Legebiltzarraren Osoko Bilkuran hautatuko dira, gehiengo osoz, paper bidezko bozketa sekretu bidez, eta kargua 6 urtetarako izango da. Paperetan, foru parlamentariek gehienez lau izen idazten ahalko dituzte.

 

Hautaketarako erabakigarria den berdinketa gertatuz gero, boto-kopuru bera lortu dutenen arteko bozketak errepikatuko dira, berdinketa hautsi arte.

 

Posturen bat bete gabe gelditzen bada, arau hauetan postu hutsik izendatzeko xedaturiko prozedurari ekin beharko zaio.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakariari hautaketaren emaitza jakinarazita, horrek Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari jakinaraziko dio Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzorderako hautaturiko lau kideen izendapena.

 

Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea biktima izan den edo ez aitortzeko ardura duen organoa izango da, eta, hala bada, antzeko ekintzen eraginpean dauden gainerakoekin eskubideak homologatuko ditu. Urtebeteko epean ebatzi beharko ditu egitateak eta inguruabarrak ezagutu, dokumentatu eta argitzearen inguruan eratutako egia jakiteko eskubidearen babesean hasitako espedienteak.

 

Eskaera bakoitzak txosten bat ekarriko du, eta urtebeteko epean Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arduradunari helaraziko zaio. Arduradun horrek hiru hilabete gehiago izango ditu ebazpena emateko, eta beste hilabete bat interesdunari helarazteko. Biktima gisa deklaratzeak berekin ekar dezake, osasun-laguntzaz gain, kalte "fisiko eta/edo psikologiko eta materialengatiko" kalte-ordain ekonomikoak aitortzea. Errekurtsoak jartzeko aukera aurreikusten da.