Publicada el Miércoles, 9 de Noviembre de 2016

Emakumeen aurkako indarkeria. Xake Patriarkatuari jardunaldien bigarren edizioa

Foru Legeak dakartzen protokoloei eta landa ikuspegitik indarkeria ezabatzeko estrategiari ekinen zaie, eta fotomatoi bat baliatuko da tratu txarrei aurre egiteko

Nafarroako Parlamentuak, NUPekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin (INAI) eta Emakumeei Laguntzeko Zerbitzuarekin elkarlanean, Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko II. Jardunaldiak antolatu ditu. Arlo anitzeko zikloa da, eta barnean hartzen du “genero-erasoen aurkako eta berdintasunaren aldeko gure konpromisoa partekatzea” helburu duen ekimena; oraingo honetan, modu sinbolikoan “tratu txarrei aurre egiteko” fotomatoi baten bitartez beteko da helburu hori.

Duela urtebete egindako lehen edizioko ondorioak Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Foru Legea (aho batez onetsia 2015eko martxoan) garatzeko baliatu ziren, eta oraingoan, berriz, adierazpen-bide bat eskaini nahi zaie genero-erasoen biktima diren eta landa-ingurunean bizi diren emakumeei, ingurune horretan zailagoa izaten baita eskura dauden baliabideak erabiltzea.

Xede nagusia da, beraz, informazio gutxiago eta salatzeko orduan beldur handiagoa dagoen ingurune horrek berezkoak dituen premiak eta eskariak ezagutzea. Hain zuzen ere urrutiratze aginduak bezalako neurri judizialak ere aplikatzen zailagoak izaten dira landa-eremuan.

Horrelako bizipenen berri ematen dute haiek artatzen dituzten pertsonek, eta, abiaburu horretatik hasita, aurrera egin nahi da errotik erauzi arte gizartearen arazo larri hori, halako izurri gaiztoari ez babesik ez azalpenik eskaintzeko prest ez dauden herritarren laguntzaz bakarrik konpon daitekeena.

Egitaraua astelehenean hasiko da, azaroaren 14an (18:00etan, atarian). Lehenik, Partekatu zure Beldur Barik jarrera izeneko ekimena inauguratuko da: fotomatoi bat instalatuko da, jendeak harroputzaren aurkako argazkia egin dezan, nork bere erara indarkeria sexistaren arbuioa agertzeko idatziko duen mezuarekin. Parte hartzeko gonbita bidaliko zaie ikastetxeei eta gizarte-kolektiboei.

Ondoren (18:30ean, erabilera anitzeko aretoan), mahai-ingurua eginen da gai honi buruz: Jazarpen psikologikoa, sexu-jazarpena eta sexuarengatiko jazarpena lan-esparruan. Indarra duen foru legeak dakartzan protokoloak aztertuko dira eztabaida horretan. Mahaian izanen dira Juan María Marcos González, Diskriminazioaren eta Jazarpen Moralaren Euskal Behatokiko koordinatzailea, Ana Isabel Zariquiegui Asiain, Eroski Hipermerkatuetako eskualde-zuzendaria, eta Marta Luxan Serrano, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologiako irakaslea. Moderatzaile arituko da Cristina Zoco Zabala, NUPeko Konstituzio Zuzenbideko irakaslea. Ainhoa Aznarezek, Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak emanen die irekiera jardunaldiei.

Zikloan aurrera eginez, asteartean, hilaren 15ean, Ozenki izeneko artelan soinuduna eszenaratuko da (18:00etan, atarian). Nafarroan arte garaikidea sustatzen duen APAC elkarteak ekoitzi du, Iruñeko Udaleko Kultura Arloarekin lankidetzan.

Gero (18:30ean, erabilera anitzeko gelan), Genero-indarkeria: hura ezabatzeko estrategia landa-ikuspegitik izeneko mahai-ingurua eginen da. Honako hauek mintzatuko dira: Erica Barral Lucas, Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Osoa emateko Taldeko (EAIV) hezitzailea; Virginia Carrica Martincorena, gizarte-langilea eta EAIVko koordinatzailea; Olga Garrote Llanos, harrera-baliabideen koordinatzailea; eta Edurne Razkin Jaka, Irurtzungo Eremuko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea. Moderatzaile arituko da Geno Ochando Ortiz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI) Sustapen eta Kudeaketako zuzendariordea.

INAIko zuzendari kudeatzaile Mertxe Leranoz Goñik itxiko ditu II. jardunaldiak (20:00etan).