Publicada el Jueves, 14 de Noviembre de 2013

Kirolaren Mahaiaren ondorioak babesteari buruzko adierazpen instituzionala aho batez berretsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak Kirolaren Mahaiaren ondorioak babesteari buruzko adierazpen instituzionala aho batez onetsi du gaur. Eledunen Batzarrak iragan urriaren 28ko saioan UPNk, Socialistas de Navarrak, Bildu-Nafarroak, Aralar-Nafarroa Baik, PPNk, Izquierda-Ezkerrak eta atxiki gabekoek hala eskatuta onetsi zen testu berdina da.

Adierazpenak honakoa dio:

“1. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Populares de Navarra eta Izquierda-Ezkerra parlamentu taldeek ekainaren 6an eta 21, urrenez urren, aurkeztutako foru lege proposamenen izapidetzean beharrezkoak diren aldaketak egiteko. Biak ala biak diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzeko aurkeztu ziren, hartara, deialdien epeei, izapidetze-denborari eta diru-laguntzen esleitzeari dagokionez aztertutako disfuntzioak zuzentzeko. Era horretan, pausu horiek azkartu nahi dira eta klubek eta federazioek eskuragarri izanen dituzten baliabide ekonomikoak zehatzago ezagututa haien kirol-jarduera planifikatu dezaketela ziurtatu nahi da.

2°. Nafarroako Parlamentuak mezenasgoari buruz egingo den eztabaidan klubek eta federazioek jasotzen dituzten kirol-kuoten PFEZaren tratamendu fiskala eta kirolerako erabiltzen den garraioa aztertzeko konpromisoa hartzen du.

3°. Gizarte Politiken bozeramaileek parlamentuaren ekimenak jasoko dituzte, hartara, adierazpen instituzional honetan onetsitako neurrien jarraipena egiteko.

4°. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

• Kirol babeserako neurriak indarrean daudela ziurtatzera, betiere zenbait neurri eta beste tributu neurri batzuk aldatzeari buruzko abenduaren 28ko 20/2011 Foru Legean xedatzen den ildo berean.

• Foru Komunitateko kirol-eragileak ordezkatuko dituen batzorde misto bat osatzera, zeinak proposamenak aztertu, ikertu, adostu eta iradokiko dituen kirol klub eta federazioentzako diru-laguntzen deialdiak arautzen dituzten irizpideak definitzeko, kasuan kasuko foru aginduetan onetsiko direnak.
• Diru-laguntzen eskaerak eta deialdien gastuak justifikatzeko zein BEZa aitortzeko administrazio prozedurak azkartu eta sinplifikatzera.

• Kirol entitateei aplikatzekoak diren zergei buruzko gida xehe bat burutzera, alor honetan klubei eta federazioei kudeatze lana errazagoa egite aldera, batez ere duten bolumena dela-eta aholkularitza zerbitzuak jaso ezin dituzten horiei.

• Kirolaren esparruko lanbideak arautzeko araudia egitera, inplikatutako eragile guztiekin elkarlanean, halako moldez non kirolaren esparruko lanbideak zehaztuko diren. Horrez gain, profesionalen heziketa eta trebakuntza, haietako bakoitzaren gaitasun profesionalak eta lan-merkatuan duten esku-hartze esparrua zehaztuko dira, pertsonen ziurtasuna eta osasuna bermatuko dutenak. Prozesu horretan jarduera fisikoaren eta kirolaren sektoreko parte-hartzea izango da.

• Erabakietan eta araudietan borondatezko lanak betetzen duen funtzioa aintzat hartzera, horrela, alor honetan hain garrantzitsua den figura hori arriskuan egon ez dadin.

• Kirolaren Nafarroako Kontseiluaren bilerak maiztasun handiagoz egiten direla ziurtatzera, Foru Komunitateko administrazioaren kontsulta eta aholkularitzarako kide anitzeko organoa den aldetik. Xedea parte-hartze errealago bat ziurtatzea da, zeinak egiaz sustatuko duen “Nafarroan kirolaren arloan eta kirolaren garapenean politika orokorraren konfigurazioan gizartearen parte-hartzea eta elkarrekintza”, otsailaren 26ko 15/2007 Foru Dekretuak adierazten duen moduan.

5°. Nafarroako Parlamentuak Kirol Klub eta Federazioen Elkarte bat sortzea babesten du, non Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol-modalitate guztiak ordezkatuko diren. Haren ordezkariak Nafarroako Kirolaren Kontseiluan ere egongo da.

6°. Kirolaren Mahaiak Nafarroako Gobernuaren organigramaren barruan kirolaren esparruak duen kokapena lekualdatzeko aukera aztertu du. Parlamentu-taldeen ustez, sailen kokapena ez da gairik garrantzitsuena, politika deportiboa eta hura aurrekontuetan islatzen den modua baizik. Beraz, eta gobernuaren zeregina den aldetik, aurrekontuak finantzaketa egokia ziurtatuko duela adostuz gaia aztertzea proposatzen da”.