Publicada el Jueves, 24 de Octubre de 2013

Auzolana arautzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi dute

Aralar-Nabairen ekimenaren asmoa tradizio hori mantendu eta burutzea erraztea zen, baita hiriaren esparruan ere; horretarako lege mailan gehiago babestuz

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, SNren eta I-Eren abstentzioekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, auzolana arautzen duen foru lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.

 

Aralar-Nabaik aurkeztu duen foru lege proposamenaren xedea zen “Toki Ogasunei buruzko Foru Lege zaharkituak hein batean arautzen duen eta tradizio historikoa den ekintza bat mantendu eta erraztea, zeinak lege mailako babesa behar duen, toki entitate txikietan garrantzi handia duen ohitura bat mantendu dadin”.

 

Babes juridikoaz gainera, proposamenak auzolana gizarte modernoaren premietara egokitu nahi zuen, nola eta “hirietako zereginetara” hurbilduz eta ondare publikoaren, elkartasunaren eta ingurumenaren babesaren esparruetan eraginez, hiru esparru horiek inbertsio publiko eta enpresarialaren “eskasia” dela-eta “hutsune” handiak baitituzte.

 

Hori ez da oztopo izan ohartarazteko ezen auzolanak “ondare publikoa mantentzen eta hobetzen” lagundu badezake ere, ez duela inola ere lanerako zentroak eta lanpostuak sortzea kaltetu behar, eta, beraz, “lan merkatua iristen ez den” espazioetara mugatu behar dela.

 

Era horretan, jabari publikoko edo komunaleko ondasunen eraikitze, zaharberritze, hobetze eta mantentze lanak “doan eta kontraprestaziorik gabe” bideragarriak izan daitezen, ekarpen horren aldiak arautzen ziren, udalek edo toki entitateek deitzen zituztenetik hasita zigorrak jarri edo tasa edo zerga jakin batzuez salbuetsi arte; alderdi horiek “oinarri legala behar dute”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 72. zk., 2013-06-24koa)