Publicada el Viernes, 15 de Marzo de 2013

Nafarroako Gobernua bateraezintasunei buruzko Foru Legea aplikatzerakoan irizpideak sakonki berrikus ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk haren kontra emandako botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “bateraezintasunei buruzko Foru Legea aplikatzerakoan irizpideak sakonki berrikus ditzan, hartara, iritzi publikoan eskandalua eragiten duten eta gure Komunitateko erakundeekiko sinesgarritasuna kaltetzen duten kasuak gutxitzeko, gobernuan erantzukizun maximoa izan duten kargu ohiak ere eragiten dituzten neurrian”.

Onetsitako ebazpena PPNk in voce aurkeztu duen eta ekimenaren titular den Aralar-Nabaik onartu duen zuzenketa baten ondorio da.

Aralar-Nabaik bultzatu duen jatorrizko mozioak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen beharrezkoak diren kudeaketak egitera “lege bateraezintasunagatik” Miguel Sanzek Audenasa eta Bodegas Sarria enpresetako lehendakaritzak uzteko.

Ildo horretan, zioen azalpena Bateraezintasunei buruzko 19/1996 Foru Legearen 3 bis artikuluan xedatutakoari zegokion, hartara, goi karguek haien kargua utzi ondorengo bi urteetan haientzat arautzen diren mugak azpimarratuz (2011-06-22) Nafarroako Gobernuko lehendakari ohi Miguel Sanzen “ez betetzea” azpimarratzeko.

Audenasari dagokionez, proposatu duen taldeak zioen Sanzen gidaritzapean egon zen gobernuak Nafarroako A-15 Autopistaren kontzesio administratiboaren kontratua aldatu zuela (1997-12-15), era horretan, “doako luzapena” sortuz, zeinak Audenasak autopista hori kudeatzen “jarraitzea” lagundu zuen.

CANek Sanzen agintaldian erosi zuen Bodegas Sarria enpresari dagokionez, esaten zen ezen Sanzek Kutxaren lehendakaritza zuela eta “Nafarroako Gobernuko lehendakari izateagatik Bateraezintasunei buruzko Foru Legearen 2. artikulua ere aplikatu behar zaiola”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 27. zk., 2013-03-11koa)