Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da ikastetxeetan 10 urtetik goitiko ikasleei zuzendutako hiritar- nahiz tributu-hezkuntzako programa bat susta dezan

“Zerga-erantzukizuna” sustatu nahi da, beharrizan publiko eta komunak modu solidarioan finantzatzea justifikatzen duten zenbait irizpide onartuz

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta eta I-Eren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “departamentuen arteko akordio bat bultza dezan, ikasgeletan ematekoa den hiritar- nahiz tributu-hezkuntzako programa bat sustatzea helburu”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Zerga Iruzurraren aurka Borrokatzeko 2016-2019 aldirako Plana hartzen du oinarritzat, izan ere, plan honek hiritar- nahiz tributu-hezkuntzari zuzendutako atal bat dauka, eta helburua da “zerga-erantzukizunari buruzko eskema kontzeptual batzuk helaraztea herritar gazteenei, beren zergadun-rolean sartzen lagunduko dietenak, argiago izan dezaten gizarte demokratiko batean jokabide logiko eta arrazoizko bat zer den”.

 

“Egiazko zerga-kontzientzia bat sortzeko”, sustatzaileak uste du “gizarte dinamiko orotan gertatzen diren zerga-aukera eta -eredu aldagarriak gorabehera, badirela zenbait irizpide justifikatzen dutenak beharrizan publiko eta komunak modu solidarioan finantzatzea”, eta hori dela eta, behar diren pausuak eman daitezen eskatzen da, 2019an Nafarroako Gobernuak aurkeztutako eta irakasleei zuzendutako “Ikasgela Fiskala Nafarroa” webgunearen edukia ikasgeletara eraman dadin.

 

Espazio birtual honek 10 urtetik goitiko ikasleei zuzendutako hezkuntza materialak eskaintzen dizkie irakasleei, “zerga-erantzukizuna” sustatzea helburu.

 

*EH Bildu talde parlamentarioa ez da Osoko Bilkuran egon.