Unai Hualdek Idoia Villanueva Foru Erkidegoko senatari ohiaren lana eskertu du
Ekainaren 19an Parlamentu berriaren eraketarekin batera Villanuevaren agintaldia amaituta, Legebiltzarrak goi ganberarako ordezkari bat izendatu behar du
Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Idoia Villanueva Foru erkidegoko senatari ohiari harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean. Parlamentu berriaren eraketarekin batera amaitu zuen bere agintea, ekainaren 19an.
Jorratutako gaien artean, esaterako, Goi Ganberarako ordezkari berri bat izendatu beharraz aritu dira, izan ere, Legebiltzarrak irailetik aurrera ekingo baitio prozesuari.
Unai Hualdek, legegintzaldian zehar senatari gisa aurkeztu dituen ekimenak errepasatu ostean, Villanuevari egindako lanagatik eskerrak eman dizkio, eta “Nafarroako Parlamentuari momentu oro informazioa eskaini izanagatik ere”, eta talde parlamentario guztiei deia luzatu die “ados jar daitezen bilkuraldi berriaren hasieran ordezkari berri bat hautatzeko”.
Idoia Villanuevak, bestalde, “Nafarroa anitzaren ahotsa Estatuko erakundeetara eramateko aukera” eskertu du, eta “Foru Erkidegoak desberdinen arteko adostasunaren eredu” izaten jarrai dezan defendatu du.
Idoia Villanueva 2015eko irailaren 17an Foru Erkidegoko Senatari hautatu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek proposatuta. 26 boto lortu zituen Villanuevak, eta UPNren hautagaiak, Pedro Ezak berriz, 15. PSNk (7) eta PPk (2) boto zuria eman zuten.
Legebiltzarreko erregelamenduaren 208. artikuluak dioenari jarraiki, senatariak boto-txartelen bidezko isilpeko bozketa bakarrean hautatuko dira. Boto gehien eskuratzen duen hautagaia izango da hautatua, eta berdinketa gertatuz gero, hautagairik zaharrenaren alde.
Foru erkidegoko Legebiltzarrak izendatutako senatariaren agintaldia, Parlamentuko Erregelamenduak dioenez, hautatu duen Nafarroako Parlamentuaren ondorengoa eratzen den egun berean bukatuko da.
Bestalde, agintaldi hori bukatuko da, halaber, Senatuko legegintzaldia Konstituzioak ezarritako edozein arrazoirengatik bukatzen denean. Senaturako hauteskundeak egin ondoren eta Senatua eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak Nafarroako Parlamentuko legegintzaldiaren hasieran hautatuko pertsona berari emanen dio agintea.