Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Urtarrilak 31

Unai Hualde Parlamentu Autonomikoetako Lehendakarien Konferentzian izan da; erakunde horren lehendakari berria Blanca Martín extremadurarra da

Meridako adierazpenak lurralde eta gizarte kohesioa indartzea defendatzen du genero berdintasunari, migrazio krisiari eta arraila demografikoari dagokionez

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Parlamentu Autonomikoetako Lehendakarien Konferentziaren (COPREPA) urteroko osoko bilkuran izan da. Bilera hori ostegunean eta ostiralean egin da, Extremadurako legebiltzarrean, Méridan, eta Gustavo Adolfo Matos Kanarietako Parlamentuko lehendakaria aritu da bilkuraren buru.

 

Kanarietako legebiltzarreko lehendakariak lekukoa eman dio Extremadurako Biltzarreko lehendakari Blanca Martíni, eta azken hori izanen da 2020an Coprepako burua.

 

Izendapenerako aho batez eman dioten babesa eskertu ondoren, Blanca Martínek baieztatu du adostasunaren eta akordioaren bitartez ebatzi behar direla lurralde guztiei eragiten dieten arazoak, eta erronka demografikoaren garrantzia nabarmendu du.

 

Extremadurako Biltzarreko lehendakariak iragarri du Senatuan izanen dela hurrengo bilera, eta aurreratu du lan-plan bat abiaraziko duela despopulazioa bezalako erronka handiei aurre egiteko.

 

Horren harira, Martínek agindu du parlamentu autonomikoen ahotsa entzunarazten saiatuko dela, proposamenak eginez goragoko erakundeei, hala nola lurralde- eta estatu-gobernuei, Eskualdeetako Lantaldeari edo Europako Batzordeari.

 

Aurreko lehendakariak, Gustavo Adolfo Matos kanariarrak, azpimarratu du parlamentu autonomikoek badituztela "erronka komunak", desberdintasunak desberdintasun.

 

Gainera, ahaleginari eusteko eskatu du, herritarrek "gero eta gehiago estimatu, ezagutu eta baloratu ditzaten" lurralde-parlamentuak.

 

"Elkarrizketa eta akordioak hain garrantzitsuak diren honetan, parlamentu guztietako lehendakariak hemen bilduta eta elkarrekin erabakiak hartzen ikusteak esan nahi du batzen gaituzten gauzak gehiago direla bereizten gaituztenak baino. Horra plazaratu nahi dugun mezua", nabarmendu du.

 

Copreparen osoko bilkurak Méridako Adierazpen Instituzionala ere onetsi du. Egungo gizarteari sortu zaizkion erronka handiei ekiteko beharraz dihardu, eta, besteak beste, hauek aipatzen ditu: Europar Batasuna indarberritzea, erakundeak sendotzea, klima aldaketa, genero berdintasuna, despopulazioaren kontrako borroka eta lurralde kohesioa.

 

Testuak Garapen Jasangarrirako Helburuetarantz (GKH) aurrera egiteko konpromisoa ere ezartzen du, baita "premia larriko" egoera batzuk onbideratzeko neurrien beharra ere, migrazio jarioak esaterako, garapenerako lankidetzaren arloan.

 

Halaber, Blanca Martínek irakurri duen adierazpen horrek despopulazioaren aurka borrokatzeko eta lurralde kohesioa ahalbidetzeko akordioen aldeko apustua jasotzen du. "Erronka demografikoak autonomia erkidegoen finantzaketa sistemaren berrikuspenaren oinarrietan egon behar du, elkartasunaren eta finantza-nahikotasunaren printzipioekin bat".

 

Méridako Adierazpen Instituzionalak ezartzen du, bestalde, parlamentu autonomikoetako lehendakariek Coprepa eskaintzen dutela "diagnostikorako eta proposamenetarako tokia" izan dadin kezkatzen dituzten gaien, garatu behar diren politiken eta lan horretarako epeen inguruan.

 

Azkenik, legebiltzarretako lehendakariek EBren proiektuaren aldeko konpromisoa berretsi dute Brexitaren eta globalizazioak ekarritako erronken aurrean. Gainera, Europako Eskualdeetako Legebiltzarren Konferentziak (CALRE) "subsidiariotasun aktiboa"ren alde eta parlamentuek Europako eraikuntza prozesuan parte har dezaten egiten duen lana goraipatu dute.

 

Lehendakariek aitortu dute beharrezkoa dela lurraldeen arteko akordioak sustatzea, klima krisia, genero berdintasuna, erronka demografikoa eta uhartetasuna ardatz dituzten politikak sustatzeko; hori guztia, pertsonen eta lurraldeen arteko kohesioa sendotzea lehentasunezko helburua izanik.

 

"Finantzaketa egokia jasorik, betiere, autonomia erkidegoek helburu horietara iristeko behar dituzten baliabideak eduki ditzaten", nabarmendu dute.

 

Coprepak Méridan egindako bileran hamabi parlamentu autonomikotako lehendakariak izan dira: Blanca Martín Extremadurako Biltzarreko lehendakaria, Gustavo Adolfo Matos Kanarietako Parlamentuko lehendakaria, eta Marta Bosquet Andaluziako Parlamentuko lehendakaria.

 

Marcelino Marcos Asturiasko Printzerriko Junta Nagusiko lehendakaria; Alberto Castillo Murtziako Biltzarreko lehendakaria; Enric Xavier Morera Valentziako Gorteetako lehendakaria; eta José Javier Sada Aragoiko Gorteetako lehendakaria.

 

Han izan dira, halaber, Pablo Bellido Gaztela-Mantxako Gorteetako lehendakaria, Vicenç Thomàs Balear Uharteetako Parlamentuko lehendakaria, Juan Trinidad Madrilgo Biltzarreko lehendakaria eta Luis Fuentes Gaztela eta Leongo Gorteetako lehendakaria.