Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Apirilak 2

Sanfermines 78 Gogoan elkartearen ‘Argazkiak Lekuko. Memoria gráfica contra la impunidad’ erakusketa inauguratu dute

Testigantzek osatutako bilduma grafikoa da, 1978ko Sanferminetan gertatutakoak berreskuratu, transmititu eta babesteko helburua duena

Ainhoa Aznárez Igarza Parlamentuko Lehendakariak Argazkiak Lekuko. Memoria gráfica contra la impunidad erakusketa inauguratu du gaur eguerdian. 1978ko uztailan gertatutakoak “berreskuratu, transmititu eta babesteko” helburua du Sanfermines 78 Gogoan elkartearen erakusketak.

 

Lehendakariaren hitzetan, bilduma honek nolabait “41 urtez egindako salaketa publikoak laburbiltzen ditu. Gizarte zibilak sarean egin duen lanari esker bere garaian Gobernu Zibilak, Segurtasun zuzendariordeak eta Polizia ikuskariordeak egindako txostenak ezagutu ahal izan dira. Azkenean argi zantzu bat, baina edozein kasutan ere, ez da nahikoa, dokumentu ugarik itzalpean jarraitzen baitute eta oraindik ere hauen desklasifikazioa eskatzen dihardugu”.

 

Honela, Germán Rodríguez oroitu du, “Estatuko segurtasun indarren tiro baten ondorioz 27 urterekin eraila”, eta “150 zauritu (haietako 11 tiroz) utzi zituzten Sanfermin hautsiak” oroitarazi ondoren, Ainhoa Aznarezek Nafarroako Parlamentuaren babes instituzionala berretsi du, erakunde hau oraingoan “zuen eskaeren mailan egon baita”.

 

Lehendakariak amaitzeko “Sanfermines 78 Gogoan osatzen duzuenen konpromisoa” eskertu du, “gertatu zena jakiteko eskubidea aldarrikatzeagatik, izan ere, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen duen eta itxi gabe dagoen kasu baten aurrean gaude”.

 

Jarraian, Amaia Kowasch Velascok, Sanfermines 78 Gogoan elkartearen ordezkariak eskerrak eman dizkio Parlamentuari “Iruñeko epaitegietan hasitako prozesu judiziala babesteagatik”, eta bildumari dagokionez, “gertatutako injustizia baten ebidentzia” gisa definitu du. “Gizarte baten salaketa, ahanzturaren aurkako borroka eta errelatua mantentzeko irmotasuna islatzen duten irudiak dira. Argazkiei begiratzen dionaren egoera dena delakoa ere, galdera hauxe da: zergatik?”.

 

Inaugurazioa amaitzeko Ramón Contrerasek, Sanfermines 78 Gogoan elkarteko kideak bisita gidatua eskaini du erakusketan zehar.

 

Ekitaldia Parlamentuko Atarian izan da eta bertaratu direnen artean izan dira Unai Hualde, Lehendakariordea, Maiorga Ramírez, Mahaiko Lehen Idazkaria, Koldo Martínez, Consuelo Satrustegi, Rafael Eraso (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz, Miren Aranoa, Esther Korres, Arantxa Izurdiaga, Dabid Anaut (EH Bildu) eta José Miguel Nuin eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

Argazkiak Lekuko. Memoria gráfica contra la impunidad erakusketa, autore desberdinen eta 700 x 100 mm-ko neurria duten 28 argazkik osatzen dute. Argazkiez gain, prentsan argitaratutako irudiak eta 1978ko uztaileko gertakarien inguruko argitalpenak eta testigantzak ageri dira, baita Germanen estela bat ere. Publikoari irekita egongo da apirilaren 15era arte, 10etatik 20etara astelehenetik ostiralera eta larunbatetan 11:30etatik 14etara.

 

Bildumak pertsona hauen argazkiak biltzen ditu: Xabi Idoate, Joxe Lacalle, Jorge Nagore, José Ramón Belzunce, Jaime Morrás, Serge Baggi, Heinz Hebeisen, Conchi Zudaire, Andrés Valentín y Jesús Mari Pemán.

 

Ohiko legez, erakusketa Kultur Atrio ekimenaren baitan dago, zeinaren bidez 2016tik Parlamentuak kulturari eta artistei ateak irekitzen dizkie eta bere babesa ematen die.