Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Azaroak 24

Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzko Foru Legearen aldaketa

Osoko bilkurak onetsi du. 2022ko azaroaren 24an 

Parlamentuaren osoko bilkurak onetsi du gaur Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari buruzko testu bategina onesten duen 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua, ekainaren 2koa, hein batean aldatzen duen Foru Legearen aldaketa. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aldeko botoa eman dute eta Navarra Sumak abstentzioa.

 

Irakurraldi bakarrean izapidetuta, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk sustatutako Foru Legearen xedea da 2022ko zergaldian aparteko kenkari bat ezartzea, “inflazioak errenta baxuenetan eragiten dituen ondorioak arintzeko”.

 

Zioen azalpenean adierazten denez, erregaien eta elektrizitatearen handizkako merkatuko prezioen igoerak, Ukrainako gerraren ondorioz areagotu egin denak, ezohiko eta premiazko zerga-neurri berriak hartzera bultzatu dute Gobernua, 2020ko martxoan alarma-egoera deklaratu zenetik kudeatzen ari direnen ildo beretik.

 

Xedapen gehigarri berri bat gehituz, PFEZri buruzko Foru Legearen Testu Bategina aldatzen duen artikulu bakarrak honako hau dio:

 

“1. Lan etekinak eta/edo enpresa-jardueren ondoriozko etekinak jasotzen dituen subjektu pasiboak, familia-unitate bateko kide ez bada, honako zenbateko hauek kendu ahalko ditu kuota osotik 2022an:

 

a) 2022an 18.000 euro edo gutxiagoko lan etekin garbiak eta/edo enpresa-jardueren ondoriozko etekinak jaso dituen subjektu pasiboak: 540 euro.

 

b) 2022an 18.000 eurotik gorako lan etekin garbiak eta/edo enpresa-jardueren ondoriozko etekinak jaso dituen subjektu pasiboak: 540 euro ken eragiketa honen emaitza: etekin garbi horien zenbatekoa ken 18.000 euro, eta horren emaitza bider 0,032.

 

1. apartatuan ezarritako kenkaria ezin izanen da aplikatu subjektu pasiboaren gainerako errentak, salbuetsiak barne, 2.000 eurotik gorakoak badira.

 

2. Lan etekinak eta/edo enpresa-jardueren ondoriozko etekinak jasotzen dituen subjektu pasiboa familia-unitate bateko kide bada, kenkaria aplikatuko da soilik VI. tituluan arauturiko baterako tributazioa aukeratuz gero, eta honela zehaztuko da familia-unitate osoarentzat:

 

a) Familia-unitateak 2022an 30.000 euro edo gutxiagoko lan etekin garbiak eta/edo enpresa-jardueren ondoriozko etekin garbiak jaso baditu: 900 euro.

 

b) Familia-unitateak 2022an 30.000 eurotik gorako lan etekin garbiak eta/edo enpresa-jardueren ondoriozko etekin garbiak jaso baditu: 900 euro ken eragiketa honen emaitza: etekin garbi horien zenbatekoa ken 30.000 euro, eta horren emaitza bider 0,039.

 

2. apartatuan ezarritako kenkaria ezin izanen da aplikatu familia-unitatearen gainerako errentak, salbuetsiak barne, 4.000 eurotik gorakoak badira.

 

3. Xedapen honetan arauturiko kenkaria egiteko, lan etekin garbiak eta enpresa-jardueren ondoriozko etekin garbiak zehazterakoan aintzat hartuko dira salbuetsitako errentak.

 

4. Xedapen honetan araututako kenkaria ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitatean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak hartzeari buruzko apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 26. artikuluan araututako energia-krisiaren ondoriozko inpaktu ekonomikoa arintzeko aparteko kenkariarekin”.

 

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean.