Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Otsailak 25

Pedro Rascón eta Jabi Arakama izanen dira Nafarroako Parlamentuko ordezkariak Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoan

33/2013 Legea betetzeko jarduerak koordinatzea eta arlo horretako planak egitea da organo honen eginkizuna, sinbolo frankisten errolda prestatzea barne

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak gaur Pedro Rascón Macías (PSN) eta Jabi Arakama Urtiaga (Geroa Bai) hautatu ditu Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoan Nafarroako Parlamentuaren ordezkari izateko.

 

PSN eta Geroa Baik adostutako hautagaiak izan dira Pedro Rascón eta Jabi Arakama eta bakoitzak 7 boto lortu ditu, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eri dagozkionak, eta 2 boto zuri erregistratu dira, EH Bilduri dagozkienak.

 

Hautaketa isilpeko bozketaren bidez egin da, eta parlamentari bakoitzak boto-orrian bi izen jartzeko aukera izan du, Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak izendatu beharreko kide adina.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak hautaketa prozedurarekin bat ez etorri izanagatik ez du bozketan parte hartu.

 

Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoa 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko 33/2013 Foru Legeak sortutako organoa da, eta bere eginkizunak dira elkarte, erakunde akademiko eta entitate publikoen jarduketak koordinatzea, foru lege horretan ezarritakoak zuzen bete daitezen; eta memoria historikoaren arloko planak egitea, arau-garapenean parte hartzea eta bidezko diren gomendioak onestea, baita sinbolo, idazkun eta aipamen frankistei buruzko errolda bat prestatzeko eginkizuna, Nafarroako Gobernuari aurkezteko.

 

Batzordearen burua Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaria izango da. 12 kideetatik lau Foru Komunitateko Administrazioko edo Justizia Administrazioko langileak izanen dira. Horietako hiru Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatuko ditu, eta horietako bat auzitegiko medikuntzako teknikaria izan beharko da. Laugarren mahaikidea Rebeca Esnaola Kultura eta Kiroleko sailburuak hautatuko du eta Historian edo Arkeologian espezialista izanen da.

 

Nafarroako Parlamentuak izendatutako bi kideez gain, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak beste bat hautatuko du Foru Komunitateko toki korporazioetako kideen artean.

 

Fusilatutako pertsonen senideen elkarteek bi mahaikide proposatuko dituzte, eta historia, auzitegiko medikuntza eta arkeologiako gaiekin zerikusia duten erakunde profesionalek ordezkari bat izanen dute, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak hautatua.

 

Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak ere bi kide izendatuko dituzte, Historia, Arkeologia edo Auzitegiko Medikuntzako aditu bana.

 

Jabi Arakama (Geroa Bai) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Isabel Olave, José Suárez, Carlos Pérez-Nievas, Jorge Esparza (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Javier Lecumberri, Inma Jurío (PSN), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).