Noiz argitaratua Astelehena, 2023.eko Apirilak 3

Parlamentuko lehendakariak X. legegintzaldiko jardueraren balantzea aurkeztu du

Hualdek azpimarratu du elkarrizketak bideratu duela kontrol eta akordio parlamentario ugariko aldi hau, pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioz bereziki konplexua

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek X. legegintzaldiaren (2019-2023) balantzea aurkeztu du gaur. Lehendakariak esan du “jarduera biziko” etapa izan dela “nahiz eta egoera pentsaezinak bizi behar izan ditugun”, eta berak beti “Parlamentua, elkarrizketa eta adostasuna” funtsezkotzat jo dituela “legegintza eta kontrol jarduera egokirako.”

 

Legegintzaldi honetan arau hauek onetsi dira: 107 foru lege, aurreko legegintzaldian baino bat gehiago; 15 legegintzako foru dekretu, 22 foru lege-dekretu eta Hitzarmen Ekonomikoaren 4 aldaketa. Horiei gehitu behar zaie Parlamentuaren jarduna maiatzaren 29tik aurrera arautuko duen erregelamendu berria. Hualdek adierazi duenez, Legebiltzarraren estatutu berrituak “Mahaiko parekotasuna bermatzen du, Gardentasunari buruzko Foru Legea esparru parlamentariora dakar, eta ordezkatuek parte hartu ahal izateko tresna berriak ezartzen ditu, hala nola herri ekimeneko galdera, mozio edo adierazpen instituzionalak. Hori guztia hizkera inklusiboz adierazten du”.

 

Bilkuraldi honetan onetsi diren legeen artetik hauek nabarmendu ditu: “Lau aurrekontuak, koronabirusaren osasun krisiak sortutako inpaktuari erantzuteko presako legegintza-neurri asko,  Haur eta Nerabeak Babesteko Legea,  Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea, Motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Legea, Elizaren barnean gertatutako sexu-abusuen biktimei buruzko Legea, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren kontrako Borrokari buruzko Legea eta Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Legea.

 

Azken lege horretan elkarteek parte hartu eta aholku eman zuten. Izan ere, parte-hartze hori ohikoa izan da. Parlamentuak zabalik jarraitu du kolektiboek parte har zezaten jardunaldi, solasaldi, ekitaldi instituzional eta eztabaidaguneen antolaketan. Horrela betetzat eman da legegintzaldiaren hasieran ezarritako helburuetako bat. “Baieztatzen ahal dut pertsona gehiago eta kolektibo gehiago erakartzea lortu dugula”, esan du Unai Hualdek.

 

Atal horren barnean antolatu dira, besteak beste, “mugaz gaindiko topaketa bat, despopulazioari buruzko jardunaldiak, Mediterraneoan jasaten ari diren egoera tamalgarriari buruzko jardunaldia, eta gure historiaren eta gure erakundeen balioa nabarmentzeko hainbat jardunaldi, esaterako, Foruen Hobekuntzari, Nafarroako Konstituzioari eta gure Gorteei buruzkoak”. Zabalkunde arloko jarduerak eta jarduera akademikoak ere egin dira “lehen Foru Parlamentuaren sorreraren 40. urteurrena eta Kontuen Ganbera berrezarri zenekoa ospatzeko”. Askotariko gai horien bitartez “jarduera parlamentarioaren egunerokoa aberastu nahi izan dugu”, azaldu du lehendakariak.

 

Hualdek garrantzi berezia eman dio Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 aldirako Nafarroako Ituna sinatu izanari, Parlamentuak gizarteko kolektiboekiko duen “konpromisoa” adierazten duelako.

 

Parlamentuaren atalondoan 26 erakusketa egin dira, “eta gehiago ere eginen ziren pandemiagatik izan ez balitz”. Unai Hualdek esan du bestelako errealitate batzuk herritarrei hurbildu nahi izan zaizkiela erakusketen bitartez.

 

Gobernuaren kontrolari dagokionez, 326 erabaki onetsi dira, 400 mozio baino gehiago eztabaidatzearen emaitza; 242 adierazpen instituzional, 3 plan, 176 interpelazio, 1.469 ahozko galdera eta 1.605 idatzizko galdera egin dira.

 

Izendapenen kapituluan, Nafarroako Parlamentuak arartekoa, Kontuen Ganberako lehendakaria eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendaria izendatu ditu, organo horiek Legebiltzarraren menpekoak baitira.

 

Bestalde, Unai Hualdek azpimarratu nahi izan du “berreskuratu dela Parlamentuaren Domina urtero emateko ohitura”. Gorespen hori egin zaie “Euskaltzaindiari eta Osasunari, beren mendeurrenetan; Gizarte Entitateen Plataformari, Nafarroaren aldeko laguntza eta ahalegina eskertzeko; eta lehen sektoreari, gure Komunitatearentzat duen garrantziagatik”.

 

Hitzarmenei dagokienez, jarraipena eman zaie Nafarroako unibertsitateekin  (NUPekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin) hainbat jarduera sustatzeko sinatutako hitzarmenei. Lankidetzaren euskarri juridiko hori UNEDera hedatu da aurten. Unai Hualderen iritziz, “garrantzitsua da Parlamentuak baliatu ahal izatea Nafarroan dugun unibertsitate-ekosistema bikain horren ikerketa lan eta talentu guztia, gure kasuan legegintzako eta kontroleko lana hobetzeko”.

 

Gazteriaren Kontseiluarekin elkarlanean Gazte Parlamentua proiektuari ere eutsi zaio, nahiz eta “ekimen hori gogoeta prozesuan dagoen, Kontseiluaren beraren egoera dela-eta. Bultzada eman behar diogu, indarberriturik ekin diezaion hurrengo legegintzaldiari”.

 

Erakundeen arteko lankidetza sendotu egin da Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetako Lehendakarien Konferentzian (COPREPA). Legebiltzarren antolaketaren inguruko esperientziak trukatu dira, eta arreta berezia jarri zaio jarduera parlamentarioaren funtzionamendu digitalerako egokitzapenari.

 

Barneko antolaketari dagokionez, azkenik, Unai Hualdek azpimarratu du Parlamentuak pausoak ematen jarraitzen duela “kudeaketa modernizatu eta gizarteak eskatzen digunari egokitzeko”. Bide horretan aurrerapen garrantzitsuak egin dira “egitura berrantolatzeko, lanpostu hutsak betetzeko prozesuak planifikatzeko eta administrazio elektronikoa ezartzeko. Baita energia-efizientzia areagotzeko beharrari dagokionez ere”.

 

Azkenik, Parlamentuko lehendakariak gogorarazi du bihar jarriko dela indarrean “desegite dekretua, X. legegintzaldiaren amaiera eta Batzorde Iraunkorraren jardunaren hasiera dakarrena”, eta lau urte hauetan egindako lanarengatik eskerrak eman dizkie “eledunei eta parlamentari guztiei”.