Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Apirilak 1

Parlamentuko lehendakariak Asun Olaechea Kontuen Ganberako lehendakariari harrera egin dio

6 urteko agintaldiaren ondoren, kargua utziko du datorren ostegunean, bere ordezkoa hautatzeko bozketa aurreikusita dagoen egunean

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Kontuen Ganberako lehendakaria, Asun Olaechea, hartu du gaur bere bulego ofizialean, zeinak, 6 urtez jardun ondoren, kargua utziko duen datorren ostegunean, bere ordezkoa hautatzeko bozketa aurreikusita dagoen egunean. Aurkeztutako hautagai bakarra Ignacio Cabeza del Salvador da, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek proposatutakoa.

 

Bilkuran Asun Olaecheak bere esker ona adierazi dio lehendakariari, eta 6 urtez Kontuen Ganbera zuzentzeko ohorea izan duelako “ilusioa” agertu du. Adierazi duenez, lan hori “independentzia- eta objektibotasun-balioetan oinarrituta egin du, fiskalizazio-organoaren bereizgarri den zerbitzu publikoaren eta kontrolaren funtzioa une oro presente edukiz”.

 

Olaecheak Nafarroako Kontuen Ganberaren Plan Estrategikoraa (2017-2022) jo du, izan ere, plan horretan hiru helburu estrategiko ezarri ziren: batetik, funts publikoen fiskalizazio-funtzioa hobetzea, bestetik, fiskalizazio-lanetarako prozedurei kalitate gorena ematea eta, azkenik, beste erakunde batzuekiko lankidetza eta komunikazioa zabaltzea. Aipatu helburuak “profesionaltasun, erantzukizun, independentzia eta osotasun balioetan oinarrituta daude, eta horiek izan dira sei urte hauetan Ganberaren jardunbidea gidatu dutenak”, gaineratu du.

 

Unai Hualdek eskerrak eman dizkio Asun Olaecheari, belaunaldi erreleboa eta pandemiaren ondorioetarako egokitzapena ezaugarri izan dituen etapa honetan Kontuen Ganberako presidente gisa eman dituen urteengatik. Lan hori eskertzeko, Nafarroako Gorteetako hautestontziaren erreplika bat eman dio Foru Ganberaren izenean kargua uzten duen presidenteari.

 

Asun Olaechea Kontuen Ganberako lehendakaria, 2016ko apirilaren 8an hautatu zuten, 2010ean izendatutako Helio Robleda ordezkatuz.

 

Kontuen Ganbera Nafarroako Foru Komunitateko Sektore Publikoaren ekonomia- eta finantza-kudeaketa fiskalizatzen duen erakundea da. Organikoki Parlamentuaren mende dago, eta arlo ekonomiko-finantzarioan aholkuak ematen dizkio, nahiz eta bere funtzionamendua autonomoa izan. Lehendakari batek zuzentzen du, eta idazkari nagusia eta auditoreak ere bertako kide eta organoak dira.