Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Urtarrilak 20

Parlamentuaren ordezkaritza batek bisita egin du Ilundain Haritz Berri Fundaziora

Bigarren Aukerako Eskolaren esparruan egiten dituzten proiektuen berri izan dute Eskubide Sozialetako Batzordeak eta Hezkuntza Batzordeak

Eskubide Sozialetako Batzordeko eta Hezkuntza Batzordeko parlamentariek bisita egin dute gaur Ilundain Haritz Berri Fundaziora. Fundazioa erreferentziazko entitatea da Nafarroan gaztediaren alorrean; izan ere, 40 urteko historia du, eta zaurgarritasun-egoerako 5.000 gazte inguru artatu dituzte denbora-tarte horretan.

 

Batzordeetako kide hauek bertaratu dira: Pedro González, Ángel Ansa (Navarra Suma talde parlamentarioa), Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu, Jabi Arakama (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Manolo Sanz Fundazioko lehendakariak, Patxi San Martín kudeatzaileak, Ángel Pardo programa-zuzendariak, Miguel Pérez lan-orientazioko programen zuzendariak, Toni Iragi prestakuntza-programen zuzendariak, Isa Osés orientatzaileak eta Oiana Luis adikzioen prebentziorako programako teknikariak.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduko eledunek, aitzinsolas gisa, azaldu dute bisitaren xedea dela Fundazioak Bigarren Aukerako Eskolaren esparruan egiten dituen proiektuak ezagutzea.

 

Jarraian, bilera bat egin dute, zeinetan Ángel Pardo jaunak entitatearen historia kontatu duen. Fundazioa Burlata inguruko pertsonen boluntario-lanari esker hasi zen, eta, urteek aurrera egin ahala, eredu profesionalizatuago baterantz egin du, hasieran hauspo izan zuen xedeari eutsiz beti: “zaurgarritasun-egoeran dauden gazteei aukerak ematea”.

 

Ilundain Fundazioa da Bigarren Aukerako Eskolaren Elkartean aitortutako lehenengo gizarte-entitate nafarra, eta bakarra oraingoz. Eredu pedagogikoaren oinarri dira 14 eta 29 urte bitarteko gazteentzako prestakuntza- eta laguntza-ibilbideak. Hori horrela, aitortzen da entitateak enplegurik eta/edo prestakuntzarik gabeko gazteei eredu pedagogiko bat ematen diela, honako hauetan oinarritua: ibilbide pertsonalizatuak, oinarrizko eta lan-arloko gaitasunak sendotzea, enpresa-munduarekin lotutako esperientzia praktikoak eta eskari sozialetarako laguntza; betiere, pertsona zaurgarrienetan arreta berezia jarrita.

 

Bigarren Aukerako Eskolaren ereduaren baitan dauden programen artean daude, alde batetik, derrigorrezko hezkuntza-adinean dauden (16 urte baino gutxiago) baina, era askotako arrazoiak direla-eta –absentismo handia, gatazkarako joera...–, ikastetxe arrunten metodologian DBH bukatzea ezinezkoa izanen dutela uste den ikasleei zuzendutako Curriculum Egokituko Programak (CEP). Behin ikasturte hori amaitutakoan, Oinarrizko LHra igarotzea eskaintzen zaie.

 

Toni Iragi prestakuntza-programen zuzendariak azaldu duen eran, Fundazioaren xedeetako bat da CEP batean parte hartu dutenek beren ibilbidearekin jarraitzea oinarrizko graduetan, “izan ere, esku hartzeko denbora gehiago ematen digu horrek, 2 urteko gradu batek 4 urtez iraun baitezake ikasle bakoitzaren beharren eta denboren arabera; eta, horri esker, arreta integrala eman dezakegu”.

 

Horretarako, Iragik garrantzitsutzat jo du Ilundainek erabiltzen duen hezkuntza-eredua, “ikasle bakoitzarengan indibidualizatuagoa nabarmen, pertsona bakoitzaren beharrak ardatz dituena. Kasu hauek, gainera, guztiz bestelako metodologia bat eskatzen dute, motibazioan eta lorpenen aitorpenean oinarritua, eta, beraz, esku-hartze berezia egin behar da, eta, horretarako, askoz ere baliabide gehiago behar dira”.

 

Oinarrizko LHren baitan, hiru espezialitate eskaintzen dituzte: Nekazaritzako lorezaintza eta lore-konposizioak, Eraikinen zaharberritzea eta mantentze-lanak eta Zurgintza eta altzarigintza. Prestakuntza horiekin, 1. mailako lanbide-titulua lortzen da, DBHko tituluaz gainera.

 

Era berean, oinarrizko gradua amaitutakoan, Fundazioa tematzen eta ahalegintzen da erabiltzaileek hasitako ibilbidearekin jarrai dezaten, eta aukerak dira erdi-mailako ikasketak egitea, tailer-eskoletara joatea (Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez) edo laneratzea. Horretarako, Incorpora programa du Ilundainek, zeinaren xedea den laneratzea sustatzea, enpresekin harreman zuzenak izanez, lan-eskaintza posibleak bilduz eta prozesu horietan bitartekari gisa jardunez.

 

2019az geroztik, 23 nazionalitatetako 383 ikasle artatu ditu Ilundainek, Bigarren Aukerako Eskolen programen bidez, eta arrakasta-tasa % 89,5ekoa izan da. Bigarren Aukerako Eskolen programetan parte hartu duten eta bilakaera arrakastatsua izan duten bi gazteren kasu errealak ezagutu ahal izan dituzte parlamentariek.

 

Bilera bukatutakoan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduko eledunek eskerrak eman dituzte jasotako azalpenengatik eta Fundazioan lan egiten duten pertsonen inplikazioagatik, eta, jarraian, bisita gidatua egin dute Fundazioak Aranguren ibarreko udalerrian dituen instalazioetan barrena.