Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 16

Parlamentuak ez du aintzat hartu Nafarroako Landa-eremuetako Emakumeen Estatutuari buruzko Foru Lege proposamena

Bertan zerga neurriak, hezkuntzakoak, osasun arlokoak, prestakuntzakoak eta laguntzakoak zerrendatzen dira emakumeak landa-ingurunean geratzea errazteko, duten eginkizun egituratzailea dela eta

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak uko egin dio Nafarroako Landa-eremuetako Emakumeen Estatutuari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzeari. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek lege proposamenaren aurka bozkatu dute, eta Navarra Sumak alde.


Navarra Suma talde parlamentarioak sustatu du lege proposamena, eta helburu hau zuen: «Zehaztasunak lortzea administrazio publikoen betebeharretan, landa-eremuko emakumeen eskubideak berma ditzaten, eta administrazio horiei beharrezko baliabideak ematea landa-eremuan eta nekazaritza-sektorean gizonen eta emakumeen aukera- eta tratu-berdintasuna lortzeko, hiri-inguruarekin dagoen aldeari ezikusia egin gabe».

 

«Emakumea landa-ingurunearen egituraketa eta kohesio sozialerako funtsezko figura» dela kontuan hartuta, Nafarroako Landa-eremuetako Emakumeen Estatutua onestea proposatzen da, emakumeen autonomia eta posizio ekonomiko, profesional, sozial eta politikoa sendotuko duten neurriak sustatzeko eta bideratzeko tresna gisa.

 

Horri dagokionez, 3.000 biztanletik beherako udalerriak hartzen dira landa-ingurunetzat, eta honako hauek dira landa-eremuko emakumeak: nekazaritza-ustiategi baten edo landa-ingurunean kokatutako beste edozein enpresa-jardueraren titular diren edo izan nahi duten emakumeak. Horiexek landa-ingurunean geratzea erraztu nahi da.

 

Testuinguru horretan, zerga neurriak, hezkuntzakoak, osasun arlokoak, prestakuntzakoak eta laguntzakoak zerrendatzen dira genero-ikuspegia indartze aldera, landa-eremuan azpiegiturak eta zerbitzuak sortu eta garatzeari dagokionez, baita adineko pertsonentzat edo desgaitasunen bat dutenentzat ere.

 

Ildo horretatik xedatzen da legeak indarra hartzen duenetik hiru hilabeteko epean eskariaren azterketa eginen dela honako zerbitzu hauek direla eta: haur eskoletarako garraioa, etxe lagunen irekiera, eta behar adina plaza publikoren eskuragarritasuna eguneko zentroetan, adinekoen egoitzetan, zentro okupazionaletan, garraio egokitu eta lagunduan eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko zerbitzuetan, etxez etxeko arretaren osagarri diren hurbiltasuneko zerbitzuak barne.

 

Plan horri jarduketa-plan bat gehituko zaio, zeina, epe zehatzekin eta aurrekontu-zuzkidura nahikoarekin, Parlamentuan aurkeztu beharko baita, indarrean jartze horretatik sei hilabete igaro baino lehen.

 

Halaber sei hilabeteko epea ematen da Nafarroako Gobernuak eta NUKFk erakunde arteko itun bat sina dezaten, foru legean landa-eremuko emakumeak sustatzeko jasotako neurriak martxan jartzeko, bakoitzak bere eskumeneko esparruan.

 

Aurreikusten da, azkenik, Nafarroako Gobernuak bat egitea Munduko Landagunearekin eta landa-eremuko emakumeen eskubideak sustatzea eta bermatzea helburu duten Europako sare guztiekin.

 

 

·www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proposamena (50. NPAO, 2019-12-16koa)