Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Uztailak 3

Parlamentuak bertan behera utzitako jarduerei ekingo die berriz ere eta aretoen gehieneko edukiera %75era igoko du

Osoko Bilkuretara bertaratuko diren pertsonen kopurua handitu eginen da, bisitak baimendu eta prebentziozko antolaketa neurriak mantenduko dira

Nafarroako Parlamentuak aho batez onetsi du gaur Lehendakaritzaren proposamena, koronabirusari (COVID-19) aurre egiteko Kontingentzia Plana aldatzeari buruzkoa, oraingo honetan, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak prentsaurrekoan azaldu duenez, Nafarroako Parlamentuko jarduera presentziala berreskuratzen joateko bidean.

 

Ekainaren 19an Gobernuak Foru Komunitatea ekainaren 21etik aurrera "normaltasun berri" baten egoeran sartzea ahalbidetzeko onetsitako akordioan oinarritu dira aldaketa hauek. Ildo horretan, Legebiltzarrak Kontingentzia Plana eguneratu du, kutsatze arriskuaren aurrean osasun agintariek gomendatutako segurtasun neurriak errespetatuz, etendako parlamentu-jarduerari berriz ere ekiteko eta, gutxieneko segurtasun distantzia metro eta erdira murriztu denez gero, Osoko Bilkuretara bertaratuko diren pertsonen kopurua handitzeko eta aretoen gehieneko edukiera %75era igotzeko.

 

Osoko Bilkuren aretoaren kasuan, zeinaren edukiera 75 pertsonakoa den (52 eserita, 50 parlamentari eta 2 legelari), %75arekin 56 pertsona sartuko lirateke, horietako 18 zutik (Legebiltzarreko langileak, laguntzaileak eta kazetariak).

 

Onetsitakoaren arabera, Osoko Bilkuren aretoaren gehieneko edukiera 21 pertsonatik (eserita) 38ra handitzen den arren, Osoko Bilkura presentzialek, arruntak zein kontrolekoak izan, murriztuak izaten segituko dute, bai eta taldeen ordezkaritzak proportzionala izaten ere. Halatan, Navarra Suma, 3 eserleku izatetik 9 izatera pasako da, PSNk 2 zituen eta orain 5 izanen ditu, Geroa Bai 2 izatetik 4 izatera pasako da, EH Bilduk 2 izatetik 3 izanen ditu eta Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda- Ezkerrak bana izaten jarraituko dute. Bi kasuetan aurreikusten da gehienez ere Nafarroako Gobernuko zortzi kidek parte hartzea (lehendakariak eta zazpi kontseilarik), bai eta Mahaiko bost kideek eta bigarren legelari batek ere.

 

Osoko Bilkurek mistoak izaten jarraituko dute, eta beraz, bilkura horietan, parlamentari batzuek modu presentzialean parte hartzen dute eta beste batzuek, berriz, modu telematikoan, bideokonferentzia bidez (osoko bilkuren aretoko pantailetan ageri dira), eta botoa eskuordetzen dute, kontrakoa adierazi ezean.

 

Batzordeen saioei dagokienez, ez dago aldaketarik. Osoko Bilkuren aretoan egiten diren bilkuretara kide guztiak, legelaria eta agerraldia eginen duen kontseilaria sartzen ahalko dira, azken hau gehienez ere lau pertsonak lagunduta. Eta batzorde-aretoetan egiten direnetara talde bakoitzeko parlamentari bat soilik joanen da, batzordeko lehendakaria eta agerraldia eginen duen Gobernuko kidea, pertsona bakar batek lagunduta. Salbuespen gisa eta aurretik eskatuta, kontseilariek eta beren laguntzaileek bideokonferentzia bitartez parte hartu ahalko dute. Osoko Bilkuren aretoan ospatu ala batzordeen aretoan ospatu, izen-deiturez deitutako bozketa izango da, baita saio hauek guztiz telematikoak direnean ere.

 

Jarduera profesional, ekonomiko eta sozial guztiak ohiko jarduerara itzultzen ari diren testuinguruan, etendako jarduera guztiei ekingo zaie berriz ere (ponentziak, lan-bilkurak, bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak eta Kultur atrio programaren baitako gainerako ekintzak), gonbidatuen palkoa irekitzen da (%75eko edukierarekin) eta Lehendakaritzaren, Mahaiaren eta Parlamentuko taldeen bulegoetara bisitak egiteko baimena ematen da.

 

Hedabideen kasuan, zeintzuk ekainaren 2tik aurrera prentsaurrekoetara eta Legebiltzarreko saio presentzialetara sartzen diren, edozein jarduera instituzional edo parlamentarioren berri emateko sar daitezen baimena ematen zaie. Kabinetan eta haientzat egokitutako eremuetan kokatu beharko dira, bai batzorde-aretoetan bai eta Osoko Bilkuren aretoan ere. Erreportari grafikoak, berriz, gutxieneko distantzia gordez sartzen ahalko dira aretoetara, edukiera errespetatuz eta beren lana egiteko ezinbestekoa den denboran soilik.

 

Ganberako langileen lanaren antolaketari dagokionez, prebentzioko segurtasun neurriak eta telelan-araubidea mantentzen dira. Horrek esan nahi du, Covid-19agatik kutsatzeko arriskua dagoen bitartean, eginkizunak telelanaren bitartez edo ordutegi malgutasunez bete ahal izango direla 07:30etik 20:30era bitartean, plan honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

 

Kontingentzia planak jasotzen duenaren arabera, telelan-araubidean jarraitzea baimenduko da, eskaerak bat datozenean berariaz jasota dauden kasuetan (kalteberak diren langileak, 0tik 14 urtera bitarteko seme-alabak edo mendekotasuna duten nagusiak zaintzea, edo araututa badaude Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileek lanaldiaren jarduna telelan-araubidean ematea eraentzen duten arauetan), bai eta langilearen egoera pertsonalak halakorik justifikatzen duenean eta telelana egiterik ez badago; horrelakoetan ezinbesteko eginbehar gisa joko da langilea bere etxean egotea.