Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Abenduak 2

Palamentuko lehendakaria Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariarekin bildu da

Elizak Foru Komunitatean 1900. urtetik immatrikulatutako ondasunen zerrendaren kopia bat eman dio Unai Hualdek toki entitateen elkarteari

Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariari eta Berta Rodríguez idazkariari harrera egin die Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, bere bulego ofizialean, eta Elizak Foru Komunitatean 1900. urtetik immatrikulatutako ondasunen zerrendaren kopia bat eman die.

 

Eduardo Santosek, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak Nafarroako Parlamentura eraman zuen dokumentazio hau pasa den astean.

 

Legebiltzarrak 2019ko martxoaren 7an eta 2021eko martxoaren 18an onetsitako erabakietan agindu zuena bete eta osatu egin duen ikerlanaren arabera, 2.952 dira Nafarroan Elizak immatrikulatutako ondasunak, eta horietatik 1.034 immatrikulatu dira 1998tik aurrera, 1946ko Hipoteka Legearen erreformaren babesean. Immatrikulazio kopururik handiena, gehienbat landa eta hiri finkena (% 33 tenpluak dira), 1931n —legea egin aurretik—, 1981ean eta 2002-2006 bitartean egin zen.

 

Bileran, Juan Carlos Castillok NUKFren asmoaren berri eman dio presidenteari, dokumentazioa aztertu eta sailkatu ondoren, tokiko erakunde bakoitzari dagokion dokumentazioa bereizita bidaliko baitute. “Hortik aurrera, laguntza eta aholkularitza eskainiko ditugu, beren autonomian oinarrituta egin nahi duten ekimen ororentzat”.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Castillori jakinarazi dio joan den asteartean Legebiltzarreko Mahaiak hartutako erabakiaren ondorio dela entrega hori, NUKFko lehendakariak berak iragan egunetan egindako eskaerari erantzunez.

 

Era berean, Mahaiak erabaki zuen informazioaren kopia bat helaraztea, pendrive formatuan, Migrazio Politiketako eta Justiziako Batzordeko bozeramaileei.