Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Abenduak 20

Onetsi da 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea

163 zuzenketa gehitu ondoren, azken biak Osoko Bilkuran, legegintzaldiko azken aurrekontuek aurrekoek baino 126 milioi gehiago dituzte

Nafarroako Parlamentuak gaur onetsi du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea, zeinetan 4.312.085.790 euroko kredituak bildu diren, horietatik 4.016.552.280 gastu ez-finantzarioari eta 295.533.505 gastu finantzariori.

 

Legearen 1. artikuluan jasorik dagoenez, 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, zeinetan 4.312.085.790 euroko kredituak bildu diren (gastu ez-finantzarioan 126.762.085 euroko gehikuntza izan da), atal hauek dituzte: Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Arartekoaren aurrekontuak; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurrekontua; Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua; Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuak; eta Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuak.

 

Bigarren artikuluan ageri denez, 4.016.552.280 eurokoa da gastu ez-finantzarioaren muga, 2018koarekin alderatuz %3,26 gehiago. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 34. artikuluan dago araututa muga hori.

 

Aurrekontu-egonkortasunaren arloko helburuak betetze aldera, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat, 3.241.392.739 euroko muga ezarri zaio gastu ez-finantzarioari, behin Toki Ogasunen Funtsa deskontatuta.

 

Hirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen aginduen araberakoak izanen dira aurrekontu-kredituen aldaketak, onetsitako foru legeak agindu horiek aldatzen ez dituen heinean.

 

Hala ere, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko partiden arteko funts mugimenduak, baldin eta, partida horietan agertzen diren kredituek helburu bera izanik, partida ezberdinetan kokatuta badaude Europar Batasunak gastuen erabilera hobeto kontrolatze aldera halaxe exijitzeagatik, gastuak hein batean hark kofinantzatuak izatearen ondorioz.

 

Europar Batasuneko programen aurrekontu-aldaketei dagokienez, Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak txostena egin ondoren, aurrekontuetan behar diren aldaketak egiteko baimena eman ahal du, EBk kofinantzatutako programa eta proiektuak ekitaldian zehar ahalik eta hobekien betetzeko, Europako Batzordeak hasierako dokumentuan onetsitakoari edo ondoren jarraipen batzordeek edo Batzordeak berak eginiko aldaketei jarraituz. Aurrekontu-aldaketak gastuen egoera-orrietan agertzen diren edozein motatako kredituen bidez finantzatu beharko dira.

 

Gaur Osoko Bilkuran onetsitako bi zuzenketak (in voce bat) jasotzen ditu legeak, aldez aurretik abenduaren 10 eta 14 bitartean Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean eztabaidatu (1.025 zuzenketa eztabaidatu ziren) eta irizpenean jaso diren 161 zuzenketei gehituz (horiek guztiak, 4 izan ezik, Gobernua babesten duten lau taldeek soilik sinatu dituzte). Onetsitako zuzenketen balioa 20.959.245 eurokoa da.


Osoko Bilkurako eztabaidan, beraz, UPNk, PSNk eta PPNk egindako 569 zuzenketa jorratu dira (UPNk 274 aurkeztu ditu, PSNk 295 eta PPNk 2), eta horiei gaineratu zaie Legebiltzarreko zazpi taldeetako seik sinatutako bat (denak I-E izan ezik), Drogen menpekotasunari buruzko III Foru Plana zabaltzeko aukera ematen duena. Hala, aho batez, artikulatuaren 5. artikuluko 4. atalari (kreditu handitzeak) a.bis letra gehitzen zaio.

 

Artikulatuari eginiko bigarren zuzenketa bat ere onetsi da, PSNk mantendutakoetako bat, bi hilabeteko epea ezartzen duena (Legea argitaratzen denetik) “bere garaian eskubide pasiboen sisteman jarraitzea hautatu zuten funtzionarioek 10/2003 Foru Legean, martxoaren 5ekoan, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoan ezartzen den sistema berria aplikatzea eska dezaten”. UPN, PSN, PPN eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (4) taldeek alde bozkatu dute. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (3) eta I-E abstenitu egin dira.

 

2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaren eztabaida hasi baino lehen, Mahaiak ez du onartu UPN, PSN eta PPNren in voce zuzenketa, “2020ko ekitalditik aurrera itzul ziezaien amatasun- eta aitatasun-prestazioen kenkaria 2014ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra arte”.

 

PSNk aurkeztutako in voce zuzenketa ere atzera bota dute, Autismoa duten Pertsonentzako Laguntzak partidari 80.000 euroko gastua gehitzea proposatzen zuena, “2018ko aurrekontuarekin terapien %63 bakarrik bete dela” argudiatuz, eta aurreikusi delako programa honetan “haur gehiago sartuko direla etorkizunean”.

 

Eztabaida amaituta, 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea bozkatu eta onetsi da.

 

  • www.parlamentodenavarra.es

  • Foru Lege Proiektua (132. NPAO, 2018-11-05)

  • Zuzenketak (138. NPAO, 2018-11-15)

  • Zuzenketak (145. NPAO2018-11-30)

  • Irizpena (156. NPAO, 2018-12-19)