Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Martxoak 2

Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburren Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsi da. 2023ko martxoaren 2an

Parlamentuaren osoko bilkurak Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburren Foru Legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin. Testu horrek apirilaren 20ko 8/2010 Foru Legea ordeztuko du, Nafarroan nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako produktuen salmenta zuzena arautzen duena, horrenbestez “bat egiteko egungo joerekin, elikagaien ekoizpen- eta merkaturatze-sistemen aurrerapenekin, EBk garapen jasangarriaren alde hartutako konpromisoekin eta gizartearen eskari berriekin”.

 

Foru Gobernuak bultzatu duen legearen helburua da “arautu eta sustatzea elikagaiak zuzenean (edo gehienez ere bitartekari batez) merkaturatu daitezen Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako titular diren lehen sektoreko ekoizleen edo haien elkarteen eta azken kontsumitzaileen artean”. Hala, nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburren erregistroa sortuta, produktua zuzenean aprobetxatuko da sorburuan, eta murriztu eginen dira garraio, bitartekaritza eta merkaturatze prozesuaren ondoriozko gastuak.

 

Ildo horretan, tokiko, jatorri ezaguneko eta sasoiko produktuen egungo eskari sozial gero eta handiagoari erantzun nahi zaio. Aztarna ekologiko txikiagoko merkatu hori “gizartean estimatua da, hazten ari da eta prezio justuak ditu ekoizleengandik kontsumitzaileenganainoko kate osoan”.

 

Helburu horrekin, zuzeneko eta hurbileko salmenta sustatuz, nekazarien eta abeltzainen errenta hobetu nahi da, landa-eremuetako ekonomia bultzatu, ingurumenarekin lotura duten alderdietan lagundu, eta herritarrei ohartarazi lehen sektoreak elikagai seguruak, jasangarriak eta kalitatezkoak ematen dituela.

 

Arauak zehazten du zer baldintza bete behar diren nekazaritzako elikagaien merkataritza gertukotzat jo ahal izateko, eta zuzeneko salmenta eta hurbileko salmenta bereizten ditu  (zuzeneko salmenta: nekazaria edota abeltzaina eta kontsumitzailea kontaktuan daudena; hurbileko salmenta: bitartekari bat bakarra izan dezakeena bi aldeen artean).

 

Halaber, elikagaien osasun-eta higiene-baldintzak ezartzen dira. Kasu honetan, osasunaren eta landa garapenaren arloetan eskumena duten agintariak 18 hilabeteko epean behartuta daude osasuna eta higienea zaintzeko jardunbide egokien gidak egitera, non egokitzapenak ezarriko baitira, elikagaiak ekoizteko, prestatzeko, eraldatzeko eta merkaturatzeko etapetan baldintzak eta eskakizunak bete ahal izateko.

 

Legeak, gainera, Administrazioari agintzen dio nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburra susta dezan, sustapen- eta ikusgarritasun-kanpainak eginda. “Horrek ekarriko du hizpide dugun jarduera indartzea eta herritarrek harengan konfiantza izan eta balioestea”.

 

Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko Nafarroako bide laburren erregistro berria ere ezartzen eta arautzen da. Arloan eskumena duen departamentuak kudeatuko du, eta ordezkatuko du indarrean dagoen Nekazaritzako Elikagaiak Zuzenean Saltzen dituzten Operadoreen Nafarroako Errolda. Tresna horren bitartez jakinen da operadorea zuzeneko salmentan, hurbileko salmentan edo bietan aritzen den, eta Nafarroako Gobernuak operadoreak dinamizatzeko eta sustatzeko jarduerak egin ahalko ditu, eta informazioa lortu, merkaturatutako ekoizpenaren bolumenari eta motari buruz; horrela, Foru Administrazioak hobeto kudeatu eta bultzatu ahal izanen ditu.

 

Zehazten denez, Nafarroako Gobernuak bereizgarri edo logotipo bat garatuko du, azken kontsumitzaileak jakin dezan noiz erabili diren merkaturatzeko bide laburrak. Zehazten da zein diren logotipo hori erabiltzeko arauak. Establezimenduetan eta produktuetan erabili ahal izanen da, operadoreek merkataritzako beren jarduna ikusgarri egiteko eta hura bereizteko beste establezimendu eta bide batzuen bitartez gauzatzen den hartatik.

 

Departamentu eskudunari dagokio arau hori betetzen ote den jakiteko kontrol ofiziala egitea, hargatik eragotzi gabe arloko agintari eskudunek egiten dituzten jarduketak.  Gainera, zehapen araubidea ere ezartzen da, eta bertan zehazten da zein legeri egiten zaion arau-igorpena zuzeneko salmentan edo zirkuitu laburretan egindako ez betetzeengatik ezar daitezkeen zehapenen tipifikazioaren eta zehaztasunaren kasuan.  

 

Foru lege proiektuak indarra hartzean indarrik gabe geldituko lirateke apirilaren 20ko 8/2010 Foru Legea, Nafarroan nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako produktuen salmenta zuzena arautzen duena, eta azaroaren 12ko 107/2014 Foru Dekretua, foru lege hori garatzen duena.

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, aho batez onartu dituzte hiru in voce zuzenketa, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Dugu-k sinatuak. Bi zuzenketa tekniko egin dituzte eta gainerakoen xedea izan da zuzeneko salmenta kanal elektronikoen bidez egiteari buruz xedatutakoa babestea, zuzeneko salmentarako ezarritako murrizketarik gabe.

 

Behin onartuta, Landa Garapen eta Ingurumen Batzordeak irizpena eman zuen nekazaritzako elikagaien komertzializaziorako bide laburrei buruzko Foru Legea NAOn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

 

  •