Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Martxoak 14

Nafarroan Banku Publikoa sortu beharra dagoela adosten zuen mozioa baztertu da

Nafarroaren garapen sozial eta ekonomikoaren eta bere produkzio-sarearen zerbitzuan jardunen duen banku publiko bat sortzeko borondate politikoa eskatu du Izquierda-Ezkerrak

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabakitzen baitzuen “Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialaren zerbitzura lan eginen duen Banku Publikoa sortu beharra dagoela Nafarroan, eta Nafarroako Gobernua premiatzen zuen helburu hori lehenbailehen gara eta bete dezan”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak sustatutako mozioak Nafarroako Kutxaren desagerpenak utzitako hutsunea aipatzen zuen Gobernua premiatzeko “Nafarroaren garapen sozial eta ekonomikoaren nahiz Nafarroako produkzio-sarearen zerbitzuan jardunen duen banku publiko bat bezalako finantza-tresna publiko bat berreskura dezan”.

 

Horrez gain, “banku-oligopolio pribatuak gure gizarteko sektore garrantzitsu askoren finantzaketa-premiei ez diela erantzuten” nabarmendu ostean, “borondate politikoa” eskatzen zen, “behin juridikoki bideragarria dela jakinda, Banku Publiko bat kapitaliza dezan, horretarako Nafarroako Kutxa mailegu-entitate gisa desagertzeko prozesutik heldutako hondar-ondarea baliatuz”.

 

Sustatzailearen hitzetan, “ondare handia da, ehunka milioi eurokoa, Nafarroako gizartearena dena eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kutxa Fundazio Bereziaren bidez kontrolatzen duena, eta hortaz, Banku Publikoa martxan jartzeko baliatzea posible da”.

 

María Solana (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Alberto Bonilla, Pachi Pérez, José Suárez, Ángel Ansa, Maribel García Malo, Jorge Esparza (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Javier Lecumberri, Virginia Magdaleno (PSN), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).