Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Irailak 18

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak parte hartu du Covidaren biktimei eta nafar gizarteari omenaldia eta aitorpena egiteko ekitaldian, Nafarroako Gobernuak egindakoan

Unai Hualdek esan du etorkizunari begiratu behar zaiola, “optimismoz, memoriaz eta arduraz” eta batasun politikoa azpimarratu du “pandemiaren biktimekiko errespetua eta aitorpena” direla-eta.

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek parte hartu du gaur Covidaren biktimei eta nafar gizarteari omenaldia eta aitorpena egiteko ekitaldian, zeina Nafarroako Gobernuaren ekimenez Ospitaleguneko lorategian egin baita. Bertan elkartu dira agintari nagusiak, Gobernuko lehendakari Maria Chivite buru zutela.

 

Unai Hualdek bere mintzaldian adierazi duenaren arabera “etorkizunari begiratu behar zaio optimismoz, memoriaz eta arduraz”, osasun arloko eta arlo soziosanitarioko langile guztien lanaren aitorpenetik abiatuta sufritzen ari direnekin egoten jarraituz, berriz ere erakusteko nafar gizartea ezaugarritzen duen aurpegi solidarioa. Zenbakiak grisak badira ere, barruan izenak eta koloreak dituzte. Memoriaren eta itxaropenaren koloreak, gaur Memoriaren Lorategi honetan jaso nahi ditugunak”.

 

Testuinguru zail batean, non “biktimen kopurua egunero igotzen den” lehendakariak berretsi du “gogoratu behar dugula martxoaz geroztik gertatutako guztiaren gogortasuna, denok ezagutzen ditugulako hil diren pertsonak, haiei azken agurra eman ezinik. Ez dago kontsolamendurik, horregatik beharrezkoa da memoria edukitzea, arduraz jokatzea eta osasun agintarien gomendioak betetzea. Horixe delako pandemia gainditzeko modu bakarra. Inor ez zegoen gertaera horretarako prestatuta”.

 

Unai Hualdek bukatu du azpimarra jarriz “osasun eta ikerketa publikoan inbertitzeak” duen garrantziari, eta nabarmenduz “eztabaida politiko orori dagozkion desadostasunen gainetik, badugula batzen gaituen puntu irmo bat: koronabirusaren biktimei guztiok diegun errespetua eta aitorpena”.

 

Nafarroako Gobernuko lehendakariaz gain, ekitaldian parte hartu dute Raquel Mateo Goizargi Dolurako elkarteko lehendakariak; Maite Ayarra Huarteko Osasun zentroko medikuak eta Mohamed Amnay Gurutze Gorriko bitartekariak. Minutu bateko isilunearekin eman zaio amaiera ekitaldiari.