Noiz argitaratua Osteguna, 2008.eko Otsailak 21

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariari

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Elena Torres Miranda andreak, harrera egin dio gaur Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Jesús María García Antón jaunari. Bileran aztergai hartu dituzte Nafarroako Parlamentuaren eta foru erkidegoko toki entitateen organo ordezkatzailearen arteko harremanak.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariarekin batera etorri dira federazio horretako lehen eta bigarren lehendakariordeak, Francisco Javier Sanz Caramiñana jauna eta José María Irisarri Ollacarizqueta jauna, bai eta idazkari nagusia ere, Antonio Madurga jauna. Guztiek Parlamentuko lehendakariari udalen interesekoak diren afera batzuei buruzko azalpenak eman dizkiote, zeinak Legebiltzarrean aurkeztuko baitituzte laster, dokumentu batean bilduak.

Nafarroako Parlamentuko lehendakaritzako bulego ofizialean eginiko elkarrizketa horretan, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkariek Torres andreari azpimarratu diote beharrezkoa dela elkarrekin lan egitea, legegintzaldian zehar, udal administrazioaren alorrean. Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuko lehendakariari eskatu diote haien alde jardun dezan parlamentu-taldeen aurrean, haiek aurkezten dituzten foru lege proposamenek, toki entitateetan zuzeneko eragina daukaten neurriak jasoz gero, aintzat har dezaten udal eta kontzejuen federazioaren aholkularitza eta iritzia.

Esan dute, orobat, Nafarroako Parlamentuaren esanetara dagoela federazioa, gaur egun toki entitateei kezka sortzen dieten aferak jorratzeko beharrezkoak diren informazio-agerraldi guztietarako. Zehazki, adierazi dute interesa daukatela Nafarroako Parlamentuak, parlamentu-taldeen bitartez, egiteke dagoen toki ituna aztertzeari ekin diezaion. Itun horretan modu asegarrian ebatzita utzi beharko dira Nafarroak etorkizunean izanen duen toki-maparen taxuketa eta hurrengo aurrekontualdietako inbertsio-planetako konpromisoak.

Azkenik, aurreko legegintzaldian Parlamentuan aurkeztutako zenbait ekimen direla-eta haien kezka adierazi dute; ekimen horiek zenbait udalbatzatako lehendakarien ekintzetan edo udaletako osoko bilkuren erabakietan eragiten zuten, eta Parlamentuan eztabaidatu ziren, Parlamentuari dagozkion kontrol-ardurak gaindituz, federazioko ordezkariek uste dutenez.