Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Apirilak 23

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Oskar Zapatari

Euskararen normalizazioaren aldeko gizarte-mugimenduak Unai Hualderi eman dizkio biziberritu nahi duten hizkuntzaren gizarte-errealitatea testatzeko egindako azterlanaren ondorioak

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Oskar Zapata hartu du gaur bere bulego ofizialean. Topagunea euskararen normalizazioaren aldeko gizarte-mugimendua da. Bileran izan da, baita ere, Euskaraldiko arduradun Aritz Santamaría.

 

Bileran, Oscar Zapatak lehendakariarekin partekatu ditu hiru urtean zehar egindako ikerketa-lanaren ondorioak. Lan horren xedea izan da hizkuntza baten, euskararen, errealitate soziala testatzea, euskara biziberritzearen aldeko korronte nagusi baten barruan kokatu nahi baitute.

 

“Euskarari buruzko gizarte-pertzepzioak aztertu ditugu, eta ondorioztatu dugu ildo diskurtsibo eta praktiko desberdinak behar direla orain arte egiten ari zen lana osatzeko. Jarrerek estankoak izaten jarraitzen dute; hori dela eta, beharrezkoa da konplizitateak bilatzea eta sareak ehuntzea gaur egun, aurka egon gabe ere, euskararekiko gertutasunik ez duten pertsonekin. Helburua da gehiengo sozial bat sortzea, euskararen aldeko gehiengo politiko bat berekin ekarriko duena”, adierazi du.

 

Horretarako, Zapatak komunikazio-estrategia desberdinak abian jartzea planteatu du, "enpatia lantzeko aniztasuna, berdintasuna, demokrazia eta aitorpenaren moduko balio transbertsalen inguruan”, “hain plurala den Nafarroako gizartearen” gehiengoarekin konektatzea ahalbidetu dezaten.

 

Bestalde, Unai Hualdek konpromisoa hartu du Euskaltzaleen Topaguneak sustatutako azterlanaren ondorioak talde parlamentarioei helarazteko. Era berean, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Batzordeko lan-bilkura batean parte hartzeko aukera eskaini die, haien proposamenak zuzenean talde parlamentarioei azaldu ahal izateko.

 

Euskaltzaleen Topagunea gizarte-mugimendu bat da, azterketa- eta eztabaida-prozesu batean murgilduta dauden ehunka euskaltzale eta talde biltzen dituena. Azken helburua da itun berriak sortzea euskara indartzeko, Nafarroako gizarte gehienak partekatzen dituen balioetatik abiatuta.