Noiz argitaratua Igandea, 2024.eko Martxoak 24

Nafarroako Parlamentuan Europako Gazte Parlamentuaren Lehen Bilkura Erregionalaren Biltzar Orokorra izan da

Unai Hualdek gazteek gizartean duten zeregina aldarrikatu du eta dei egin die Europako hurrengo hauteskundeetan parte hartzera

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek parte hartu du gaur Europako Gazte Parlamentuaren Lehen Bilkura Erregionalaren Biltzar Orokorrean. Ekimen horretan parte hartzen duten gazteek aukera dute beren ideiak partekatzeko, jendea ezagutzeko eta Europar Batasunak dituen erronkei konponbidea aurkitzen saiatzeko.

 

Hasierako hitzaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek azpimarratu du era horretako ekimenak egitearen garrantzia, zeinek “lagundu egiten baitute gizarte-esparruan nahiz esparru profesionalean erabakigarriak diren trebetasunak lantzen, gazteei eztabaidatzeko eta iritziak trukatzeko gune bat eskaintzeaz gain”.

 

“Lokartuta edo bere kontuez soilik arduratzen den gazteriaren estereotipoez urrun, erreibindikatu egin behar dugu gure gazteria ongi prestatua eta ikasteko eta gizartea eraldatzeko irrikan dagoela” adierazi du lehendakariak, eta balioan jarri du gazteek parte hartzea Nafarroako elkarte-ehunduran, hemengo gizartea “oso konprometitua” baita.

 

Hualdek gogorarazi du Nafarroa beti izan dela “Europara begirako erkidego bat” eta jarraian dei egin die gazte guztiei datorren ekainaren 9an izanen diren Europako hauteskundeetan parte hartzera. Izan ere, bere hitzetan “Europak badu oraina, baita etorkizuna ere, zuek bezalako pertsonekin, egungo egoeraz kezkatuta zaudetelako eta orain eta geroago eduki behar dituen arauez eztabaidatzen eta ikasten duzuelako. Eskerrik asko”.

 

Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo Hualde andreak aldeztu du “elkarrizketa eta enpatia erabiltzea gizarte justuagoak eta demokratikoagoak, anitzagoak eta irekiagoak eraikitzeko.  Europa dugu gaur egun demokraziaren, ongizatearen estatuaren eta eskubideen azken gordelekuetako bat. Horregatik, ezin gara ezer egin gabe geratu Ukrainakoa edo Gazakoa bezalako tragedien aurrean. Dei egiten dizuet ideiak eta esperientziak partekatzera Europako etxe komun hori eraikitzeko, populismoaren eta autoritarismoaren aurka. Elkarbizitzako etorkizunaren bermea zarete”, adierazi du.

 

Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfaro andreak gogorarazi du Europan erabakitzen direla estatu kideen politiketako asko, eta horregatik, gehitu du, “funtsezkoa da ideia eta formazio progresistek indar handiagoa hartzea Europako erakundeetan, gure testuinguruan ugaritzen ari direlako eskuin muturraren diskurtsoak eta berri faltsuak. Aurrera. Jarrai ezazue gaurkoa bezalako guneak indartzen, gure etorkizuna zeuen eskuetan dagoelako”, amaitu du.

 

Jarraian, bilkura erregionalean parte hartu dutenek hainbat batzordetan banatuta asteburuan egindako lanaren azalpena egin dute eta ondoren bozkatu egin dira aurkeztutako ebazpen proposamenak.

 

Ekitaldian, halaber, honako hauek agertu dira:  Ángel Ansa (UPN), Kevin Lucero (PSN), Javier Arza (EH Bildu), María Solana (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin) parlamentariak, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Txema Burgaleta eta Gazteriaren zuzendariorde Carlos Amatriain.

 

European Youth Parliament (EYP) irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakunde bat da, 40 herrialdetan dagoena. Bere bilkuretan Europa osoko gazteek gaurkotasuneko eta interes orokorreko gaiei buruz eztabaidatzen dute. Ingelesezko eztabaida horiek eta beste jarduera eta dinamika batzuk baliatuta sustatzen dira aniztasunarekiko eta kultura-aniztasunarekiko errespetua bezalako balioak, egungo nazioarteko politikaren ezagutza edo jendaurrean hitz egiteko gaitasunak.